Ane Zubeldia Magriñaren atzean, eguneroko bizitzan, Ane Garcia Lopez ezkutatzen da, nolabait. Literatur munduko lanak sinatzeko bere bi amonen abizenak erabiltzen ditu, bere familiako emakumeek egindako ekarpenak aldarrikatzeko modu bat bezala.
Abeslari, poeta, idazle, itzultzaile eta kazetari ere kontsidera ahal zaizu irrati eta egunkarietan egiten dituzun kolaborazioengatik. Nola egin daitezke hainbeste gauza eta denak ondo?
Kar-kar-kar, hori guztia kostata. Ondo ez dakit egiten dudan hori guztia, baina dena bateratzea da nire betiko erronka eta ingurukoek badakite bere prezioa ere badaukala, askotan zaila baita dena bateratzea. Orain, aldiro gauza bati edo biri gehienez heltzen saiatzen ari naiz. Mundu honetan gabiltzanok badakigu gauza gehiegi gain hartzea nekeza dela.
Badago arlo horiek guztiak batzen dituen muinik edo haririk?
Esango nuke jakin-mina eta ikasteko gogoa izan daitezkeela. Zorionez, badaukat nire inguruan jendea sormenaren munduan sartuta dagoena eta diziplina bat baino gehiago jorra-tzen dituena. Jende horrek guztiak zerbait badauka, hori da ikasteko gogo handia eta jakin-mina gauza berriak deskubritzeko, egiteko, sortzeko...
Poesiagintzan Mejillon Tigre izeneko taldean zaude, ekintza desberdinak eginez, horien artean spoken word izeneko generoa. Zertan oinarritzen da?
Mejillon Tigre Eider Adeletxe eta biok osatzen dugu. Spoken word poesia molde hau geroz eta zabalduago dago mundu osoan, baina, gehienbat ingelesez hitz egiten duten herrialdeetan. Poesia era honetan zuzenekoan kontatzen da, hau da, komunikazio bide nagusia paperean izan beharrean, zuzenean gertatzen da. Ahots gora egiten den zerbait da eta enfasia errimetan edo gaietan jartzen da gehiago. Asko interesatu zitzaigun poesia mota hau eta gure eremura ekarri dugu. Oso ondo funtzionatzen du.
Eta taldearen izena, Mejillon Tigre jar-tzea, nondik dator?
Izenari dagokionez, Eiderri okurritu zitzaiola uste dut, gure amonek muskuilu tigre oso goxoak egiten dituztelako. Grazia egin zigun, gure emanaldietan umore asko baitago, oso poema sakonak ere bai, baina iruditzen zitzaigun izenak berak elitismoaz kanpo dagoen zerbait jaso behar zuela. Gainera, izenak gantxoa dauka, oso ondo funtzionatu du.
Idazle gazteak laguntzeko antolatzen den Igartza saria eskuratu duzu. Zer suposatzen du zuretzat sari hau irabazteak?
Batez ere idazteko lasaitasuna ematen dit. Gauza askotan ibiltzen naiz eta zaila izaten da lan bat lasai sortzeko baliabideak edukitzea eta lortzea, ez bazara izen bat daukan norbait, behintzat. Alde horretatik babes ekonomiko bat izateak hori dakar. Beti esaten da dirua ez dela dena, baina dirurik gabe sor-tzeko tarte bat lortzea oso zaila da. Horrez gain, saria irabazi duten zerrenda ikusita inpresio apur bat ere ematen du. Eta baita poza ere.
Oraindik bukatu gabe dagoen proiektu batengatik irabazi duzu saria. Zertan oinarritzen da?
Ipuin bilduma bat izango da, baina oraindik ezin dut asko kontatu idazteko baitaukat parterik handiena. Hala ere, momentuz, Datorren udan ez gara hemen biziko du izenburu. Agian, argitaratzean beste izen bat izango du. Bertan, ipuinen bidez, gure buruari mundua azaltzeko zer kontatzen diogun arakatu nahi nuen. Orain bi ipuin dauzkat idatzita: lehena, haur bati buruz, lehenengoz herio-tzaren aurrean dagoena. Adibidez, nola azaltzen dio bere buruari hori? Egoera hori arakatu nahi nuen. Ez modu esplizituan, baina bai literaturaren bitartez. Momentuz, idatzi ditudan bi ipuinekin pozik nago, eta ikusiko dugu falta zaizkidanetan zer gertatzen den.
Aurreikusten duzu zenbat ipuin izango diren guztira?
Aurreikusten dut sei edo zazpi ipuin izango direla. Luzeak izatea nahiko nuke. Orain arte poesia idatzi dut eta azkarrago idazten da. Gehiago landu nahi nuen jarraitutasun bat, ez bakarrik irudi bat lantzea. Erronka ipuin luzeak izatea da.
Aipatu duzu proiektu honetan zerbait sentsoriala sortu nahi duzula. Nola lor daiteke hori?
Mejillon Tigrerekin gizarte gaiak lan-tzen ditugu, oso diskurtsiboa da egiten duguna eta horretatik aldendu nahi nuen, pertsonaiek zentzumenen bitartez mundua nola sumatzen duten da ardatza. Beraien pentsamenduetan sartu, baina zer ikusten edo ukitzen duten landuz. Modu horretan, diskurtso esplizitu hori bigarren plano batean utzi nahi nuen.
Sariak nolabaiteko presioa suposatu dezake lana bukatze aldera?
Bai, izan daiteke. Hala ere, bukatzeko uzten dizuten epea oso arrazoizkoa da. Hein batean, ondo dago presio txiki hori izatea espabilatzeko.
Ezizena erabiltzen duzu literatura munduan eta, gainera, abizen bereziekin, zure bi amonenak baitira. Beraiek izan dira sormen mundura bultzatu zaituztenak?
Zorte handia izan dut familian ingurune oso musika zale eta musikaria izan dudalako. Horrez gain, idazteko grina familiako emakumeen aldetik etorri zait, batez ere nire amona Lourdes Zubeldiarengandik, bera idazlea baitzen, nahiz eta ez zuen bere burua inoiz horrela izendatu. Beste amonak ere idazteko zaletasuna bazeukan eta lantzen zuen. Nire amak ere gehienbat koruetarako konposatzen ditu letrak. Hori dena pixka bat aldarrikatu nahi nuen, sormena familiako emakumeengandik datorkidalako eta azkenean horiek nire abizenak direlako ere.