Katakraken eskutik heldu da lehen aldiz Zweig idazlearen Gizadiaren oren gorenak. Edorta Gonzalez de Matauko izan da haren itzultzailea. Ez da lehen aldia Gonzalez de Mataukok Zweigen lanak iltzultzen dituena, aurretik ere egina baitu lan hori.

Stefan Zweig idazlearen estiloa berezia da, prosa jasoan aritzen delako, baina, aldi berean, itzultzaileak dioenez, historiako zenbait pasarte eta anekdota zehaztasun guztiekin hurbiltzen dizkio edozein irakurle motari. Gonzalez de Mataukoren ustez, liburu honek “historiako istorioak” biltzen ditu prosa jaso baina ulergarri batean.

Denetarik idatzi du Zweigek, baina zuk ‘Gizadiaren oren gorenak’ itzuli duzu. Zergatik da berezia lan hau?

Batik bat, gertaera historikoak kontatzen dituelako. Zentzu batean ere biografiak agertzen dira. Biografiak, edo behintzat, pertsonaien bizitzen momentu batzuk; adibidez, Cicerónenak. Engelsen momentu batzuk ere agertzen dira, beste ba-tzuen artean, edo Scott kapitainarenak. Leninen momentu garrantzitsu bat kontatzen du, nola joan zen Suitzatik Finlandiako geltoki bateraino tren zigilatu batean Errusiako errefuxiatuekin, hortik Errusiara sartzeko iraultza egitera.  

Bestalde, Nerea Ibarzabalen parte hartzearekin ere kontatu duzu.

Bai, hitzaurrea egin du, Premonizioa eta nostalgia deiturikoa. Oso kontu interesgarriak aipa-tzen ditu hor. Nire ustez, lan oso fina egin du. Ibarzabal, adibidez, heroiaren ideiaren inguruan aritzen da hitzaurrean eta oso interesgarria da. Zweig “epeltzat eta koldar moraltzat” hartu zutela jasotzen du Ibarzabalek hitzaurre zoragarri horretan, eta horri buruz ere aritzen da.

Itzulpen lanetan, non aurkitu duzu zailtasun gehien?

Aurretik egindako lanen antzerakoa iruditu zait. Bere prosa esango nuke oso prosa landua dela, eta hori itzuli egin behar da; bere estiloa, ez bakarrik esaten duena, baizik eta nola esaten duen. 

Jatorrizko testuaz aparte, beste baliabide batzuk erabili izan dituzu?

Alemanez idatzitako testua nire oinarria izan da, baina beste itzulpen batzuk beti izaten dira lagungarri. Gaztelaniazko itzulpena izan da orain erabili dudana. Orokorrean, beste obra ba-tzuk irakurtzen ditut bere estiloa bereganatzeko, baina kasu honetan zuzenean joan naiz itzultzera 14 pasarte hauek. Itzulpena egiteko erabili dudan hiztegia Elena Martinez Rubioren Euskara Alemana/Deutsch Baskisch izan da.

Gertakari historikoak dira ardatza, baina kontakizun xelebreak ere badaude, ezta?

Bai, nolabait, gertakari historikoetan beti dago momentu bat non pertsona batek (edo ez batek) baldintza dezaken gertaera hori eta aztarna utzi. Batzuetan, pertsona baten erabakiak baldintza dezake gertaera historiko bat. Kontakizun xelebreak dira, baina era berean, zehaztasunez beterikoak. Waterloo bataila, adibidez, Napoleonek galdu zuen. Zergatik galdu zuen? Bere ejerzitoaren zati bat ez zelako garaiz iritsi. Zergatik ez zen garaiz iritsi? Ejerzitoak uste zuelako Napoleonen agindua jaso behar zuela. Hortik hurbil zeuden, baina ez ziren hurbildu ezta kanoien soinua entzunda. Horrelako batailak ere konta-tzen dira, zehaztasun handiz.

XX. mendean idatzitako liburua da. Zaila izan al da XXI. mendeko ikuspegitik itzulpena egitea idazlearen esentzia mantenduz?

Liburuak berak badu gaurkotasun bat nolabait. Istorio horiek gertatu ziren eta gaur egun ere istorio horiek gustuko ditugu. Zweigek gertakari historikoak hurbiltzen dizkigu, ulertarazten dizkigu ondo bere idazteko moduagatik, eta erabiltzen dituen datuengatik. Kontatzen dituen istorioak kontatzeko datu asko erabili behar ditu, eta bere prosaren bidez asko errazten du historiaren ulermena.

Liburua osatzen duten 14 pasarte horietatik, ia guztiak prosan idatziak dira, baina hiru ez; zelan ekin diezu itzulpen horiei? 

Prosan daude gehienak. 14 pasartetatik bat an-tzerki estiloan dago idatzita; beste bat olerki itxuran, eta beste batean soneto batzuk azaltzen dira. Soneto zati horiek nik itzuli ditut euskarara. Hori itzultzea zaila izan zen, zenbatu behar direlako silabak, errimak kontuan hartu behar dira… Baina gustua hartu nion.  

Argitaratu eta ia 100 urte geroago, lehen aldiz euskaratu da obra hau; ze ekarpen egiten dio liburu honek euskalgintzari?

Liburu aberasgarria da, egoera historiko ezberdinak aztertzen ditu eta kontatzen ditu modu atseginean. Ez da historiari buruzko liburu astuna, prosa arinez kontatzen da historia. 14 pasarte dira, eta alde batetik bestera mugitzen zara paisaia eta eszenatoki ezberdin askotatik igarota.

Askotan goraipatu den Zweigen ezaugarri bat bere idazteko moduan aurki dezakegun estetika da. Euskaraz, ze modutan lortu duzu hori kudeatzea?

Nik hasieratik neukan garbi. Liburu hau liburu jasoa zen, hizkera jasoa zeukan, eta horri ezin zaio iskin egin itzulpen batean, hizkera jaso hori, prosa kultura itzuli egin behar da. Hori ez dago errazterik… Euskal itzulpengintzak ere badu maila bat edozein hizkuntzaren prosa, prosa jasoa ere, itzultzeko, zalantzarik gabe. Azken mende erdian izugarrizko aurrerapenak eman dira.