Urte gogor baten ondoren bueltan da Julen Alonso (Orio, 1996) musikaria, Sugarretik izena duen disko-liburua argitaratuta. Hamalau abesti, beste hiru berri, partiturak eta beste jasotzen ditu lanak. Guztiz errekuperatutakoan oholtzara itzuliko da gaztea.  

‘Sugarretik’ disko-liburua argitaratu berri duzu. Zer aurkituko du bertan ikus-entzuleak?

Nire 14 kantuen partiturak aurkituko ditu. Horiek hiru metodo desberdinetan daude: solfeoz, zenbakiz -trikitia zenbakiz ere ikasten da- eta QR kode batekin bideo formatuan aurrez aurrekoa ikasteko. Azken horretan ni azaltzen naiz abestiak jotzen eta ikasi nahi duenak azkartu eta moteltzeko aukera dauka, horrela bere erritmoan ikasi dezake. Horrez gain, letrak ere jaso ditut lanean. 

Hitzetatik eta partituretatik haratago doan lana da ‘Sugarretik’.

Bai, hamalau kanta horietatik aparte, bukaeran hiru kantu berri daude. Eta ez hori bakarrik, nire ibilbidea jasotzen baita bertan. Sugarretik, musika munduan umetatik pasa izan ditudan istorioak, anekdotak eta beste hainbat pasarte. Askok ikusi naute oholtzan eta uste dute horrela hasi nintzela, egun batetik bestera eszenatoki gainean, baina asko pasatu dut eta hori da kontatzen dudana. Istorio eta pasarte hauek testu bidez jasotzen dira disko-liburuan.

Gaixotasuna tarteko, azken urtean geldi egotea tokatu zaizu. Nola zaude orain?

Urte gogorra izan da niretzat. Proiektu berri bat hasten dudanean, une horretan nola sentitzen naizen, nola nagoen, islatuta ikusten da eta disko-liburu honetarako atera ditudan hiru abestietan argi ikusten da azken urtean zeinen gaizki pasatu dudan. 

Abestiak sortzea, beraz, terapia egiteko modu bat da zuretzat?

Bai. Barruan dudan amorru, tristura eta inpotentzia guzti horretatik sortu dira kantuak. Melodia bai, baina letrak ere nireak dira eta letra hauek gaizki egondako egun batean goitik behera idatzi nituen. Ez diet buelta askorik eman letrei, modu naturalean atera zaizkit eta horrela egin dute aurrera. 

‘Argia’ izena du abesti berrietako batek. Zer kontatzen du?

Azken urte hauetan argiaren bila ibili naizela. Gaixotasuna tarteko, geroz eta okerrago nengoen eta horrek kontzertuak alde batera uztea ekarri zuen. Inpotentziaz beteta egon naiz gaixorik egon naizen denbora guzti honetan eta kantuan islatu dut pasatu dudana. Letrari erreparatuz, baina, ume batek bere amarekin izandako elkarrizketa bat da. Gaixorik dagoen ume bat, ez daki zer duen eta inpotentziatik galdetzen du. Nekatu da ospitaleko gela ilun eta hotzez. Errepikan aldiz, pixka bat animatu egiten da melodia eta baita letra bera ere. Ez etsi-tzeko esaten du.

Toxikotasunari buruz hitz egiten du ‘Nahiago urrutira’ abestiak. Hau ere zure bizipenetatik sortutakoa?

Askotan eduki dut sentsazioa jendearekin hitz egiten zaudenean ba-tzuk zure gainetik jartzen direla eta hitza kentzen dizutela. Gutxietsita sentitu naiz askotan. Harremanetan ere askotan gertatu ohi da bata bestearen gainetik jartzea. Aurreko urtean harreman toxiko bat izan nuen. Uste nuen nire lagunik onena zela baina ez. Min handia egin zidan. Igarotakoa kontatzen du kantak eta errepikan orokortu egiten dut: Ez gaitzatela isildu. Batzuetan pentsatzen dugu pertsona batek on egiten digula eta kontrakoa izan daiteke. Hala dio abestiak: kontuz ibiltzeko. 

Hirugarrena, ‘Norbera garena’ kanta, aldarrikatzaileagoa da. 

Bai. Askotan, beldurragatik, txikitako gertaera desberdinegatik, gauza batzuk tapatzen ditugu, eta hala gertatu da nire kasuan. Neskak gustuko nituen baina baita mutilak ere. Familian nahiz eta ereduak izan, lagun artean umetan burla asko egiten zidaten, eta horrek beldur handia sorrarazi dit. Iaz izan zen, mutil batekin hasi nintzen eta askatasun guztiarekin kanta eta bideoklip hori sortu nituen. Tatuatua daramat norbera garena. Ohituta gaude gauza karratu eta perfektuak ikustera. Norbait perfekzio horretatik ateratzen bada ez zaigu gustatzen, baina garrantzi-tsua da bakoitza dena izatea. 

Bideoklipa du abesti honek.

Musikari eta aktorea den Dánae Riañori deitu nion. Lehenagotik ezagutzen nuen eta bideoklipean abestu eta agertzeari baietz esan zion. Oso erraza eta atsegina izan da dena. Nahi bezala atera da.

Hiru kanta berri hauetan trikitia ez da asko entzuten. Julen Alonsoren aldaketa da hau?

Hiru abestitatik bitan ez da trikitirik entzuten. Nik folk pop estiloa egiten dut, baina Nahiago urrutira abestia idatzi nuenean, amorru handia nuen eta ez zidan ez trikitia ezta pianoa eskatzen. Zerbait lakatzagoa behar nuen eta elektrika sartu nion abestiari. Probatzeko gogoa nuen, nire buruari aukera bat eman eta gozatzeko. Askotan esaten didate oso pertsona goxoa naizela, hartz bat bezalakoa. Baina hartz bat goxoa bada ere, xaxatuz gero, atzaparra aterako dizu eta hala ikusi dut nire burua hemen.  

Oholtzara bueltatzeko gogoz?

Gogo handia dut, baina lehenengo errekuperatu ein behar naiz. Ondo nagoenean itzuliko naiz eta Uxue Kerejeta batuko da taldera. Ilusio handia dut martxa hartzeko.