Aktore eta zuzendari, bi eratan ikus daiteke Ander Iruretagoiena (Zarautz, 1994) Babesa film laburrean. Ia hogei minutuko lana da, non Aratz deitutako mutiko baten istorioa kontatzen duen. Ama gaixo du protagonistak, eta diru-sarrera iturri desberdinak behar ditu lagundu ahal izateko. Prostituzioa du horretarako aukeretako bat.
Joan den astean ‘Babesa’ film laburraren aurrestreinaldia egin zenuten. Zer moduz joan zen?
Oso ondo joan zen guztia. Jende asko izan genuen gurekin. Egia da nire herriko bizilagunak zirela, alegia, ni ezagu-tzen nautenak, eta, agian, beste begi batzuekin ikusi zuten filma. Asko gustatu zitzaien, hori bai, zerbait txikiagoa espero zuten eta harrituta geratu ziren. Istorioa bera ere asko gustatu zitzaien eta feedback oso ona izan nuen. Solasaldi bat ere izan genuen, Mireia Gabilondorekin, ekoiztetxeko arduradunarekin, eta biok izan ginen hizketan.
Filmak Aratz izeneko pertsonaia bat dauka protagonista eta honek bizitzan daukan egoera baten aurrean hartu behar duen bidea kontatzen digu.
Bai, hori da. 25-30 urte inguruko gazte baten istorioa da, bere ama hilzorian daukana eta hiru lan dituena. Lan horietako bat gizonen prostituzio munduan kokatzen da. Orduan, bere amaren botikak, alokairua, zorrak eta bestelako gauzak ordaintzeko egiten ditu eginbeharrekoak. Pelikulan ez da argi erakusten egiten duena gogoz kontra den edo ez; hain justu, bere egoera da erakusten dena, eta horren aurrean egiten duena. Hala ere, ez dago epaiketa bat. Berak egiten du egoera bat bizi duelako. Egiten duen guztia bere amak bizitza duin bat izan dezan da. Eta hor tartean bezero batekin maitemintzen da.
Zuk filmaren ideia nagusia duela urte batzuk gizonen prostituzioaren inguruan irakurritako erreportaje batetik atera zenuen.
Bai, 2020an pandemia garaian geundenean, egoera bat bizi izan nuen zeina ez zen oso ona izan. Guztiok geunden egoera ez-ohiko batean eta gogoratzen dut garai hartan beste proiektu batekin nenbilela, webserie batekin, hain zuzen. Horrekin ari nin-tzela diru-sarrerek behera egin zuten, lanik gabe geratu nintzen eta neukan diru-sarrera bakarra, langabeziarena, bukatu egin zitzaidan. Egun batean artikulu bat irakurri nuen Interneten eta bertan gizonezkoen prostituzioaz hitz egiten zuten. Bertan, azaltzen zuten prostituzioa praktikatzen zuen pertsona bati pandemiak nola eragin zion. Orduan konturatu nintzen, nolabait, ni ere egoera beretsuan aurkitzen nintzela. Ni ere lan egin ezinik geratu nintzen, emanaldirik eman ezinik eta eskuartean neuzkan proiektuak bertan behera geratu ziren. Egoera horrekin identifikatuta, hausnartzen hasi nintzen. Era batean, erreportajean zenak ukitu egin ninduen; barrualdeak mugitu zizkidan.
Behin istorioa esku artean zenuela, filmean irudi gordinak erabili dituzu edo ikuspuntu barnerakoiago bat azaltzen saiatu zara?
Egia esan, nik gordina izan nahi nuen; oso gordina. Gertatu zaidana da ez zela erraza gordintasun hori aktore bati eskatzea. Hasiera batean protagonista bezala aktore bat nuen lotua, nik ez nuelako protagonista izan nahi. Baina azken momentuan huts egin zuen data aldaketak tarteko. Ez nuen besterik aurkitzen ez zuelako inork biluztu nahi. Hasieran, nik zerbait gordina nahi nuen, berez istorioa gordina baita, baina gero muntaian ikusi nuen ez zela beharrezkoa hainbeste erakustea.
Pelikularen izenburua ‘Babesa’ da; zergatik izen hori, protagonistak besteen azalean babesa bilatzen duelako?
Bai, hori da. Protagonista denbora osoan dago babes bila eta bilaketa horretan oso galduta dago. Nik bizitako egoerak islatu nahi nituen, frustrazioak, lan desberdinen pilaketa, gazteen arazoak... Nire helburua jendeak pertsonaia nagusiarekiko enpatia sentitzea zen eta ikusleari pentsaraztea bera ere Aratz izan zitekeela. Denbora guztian ikusten dugu Aratz objektu bezala eta gu bere azalean gaude pelikula guztian zehar. Horrelako istorio gordin edo latzek atzera botatzen gaituzte, baina helburua, nolabait, inoiz norbait maitemindu bada eta berarekin jolasean ibili izan badira, egoera hori agerraraztea izan da. Denok sentitu izan ditugu emozio horiek. Hori azaldu nahi nuen, baina protagonistaren errealitatetik.
Nolabaiteko paralelotasuna sortzen saiatu zara ezkutuko negozioen eta pertsonok askotan ezkutatzen ditugun sentimenduen artean?
Hori da. Hor dauden sentimendu ilunak, askotan ukatzen ditugunak, badute paralelotasun bat prostituzioarekin. Akaso izan daiteke aitzakia bat gure iluntasunak azaleratzeko. Deserosotasun hori sortzea gustatzen zait, ikusleak gordintasun hori senti dezan. Azken batean guztiok dugun zerbait da eta ez gara lotsatu behar askotan sentitzen dugun dependentzia emozional horretaz. Beldurrak, segurtasun ezak... Besteengan errefuxiatzen gara. Lanketa sakon bat egon da hor, sentimendu ilun horiek guztiak plazaratzeko.
Eta behin filma erdietsita, non zabalduko duzu?
Orain helburua da ahalik eta jende gehienak ikustea. Egia da zirkuitu bat dagoela eta jaialdietan egongo dela urte betez, edo hori da gure asmoa, behin-tzat. Gero plataformetara edo telebistara saltzea izan daiteke aukera bat. Bide bat hori izan daiteke, baina edozer gerta daiteke. Material pedagogiko bat bihur daiteke ere bai, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmen bat baitaukagu tailerrak emateko, adibidez. Filmak badu bere bidea eta ikusiko da zer egiten dugun.