Lorategian egon ohi diren elementuen bidez lau istorio kontatzen ditu Olaiaren lorategia antzezlanak. Victoria A. Musettiren (Montevideo, Uruguai, 1999), Pajaros Pintados antzerki konpainiako zuzendariaren lehenengo obra da, eta horren bidez doluek sortutako bizipenak jaso ditu haur eta helduentzat. Azaroan estreinatu zuten obra Iruñean, eta data zehatzik ez duten arren, asmoa da aldaketa batzuk egitea eta urtarrilean taularatzen jarraitzea.
Zure lehenengo obran, doluak sortutako bizipenak jaso dituzu. Zerk eraman zaitu dolua lantzera?
Bi arrazoi nagusi izan dira. Alde batetik, behar pertsonalengatik ikusi nuen gero eta gehiago idazten nuela doluaren inguruan. Orduan, iruditu zitzaidan esploratzeko eta zerbait sortzeko helduleku bat izan zitekeela. Bestetik, lantaldea osatzen dugunok sentitzen dugu nahiz eta momentu batean edo bestean denoi eragiten digun zerbait izan, gizartean doluaz hitz egitea tabu bat dela. Baina uste dugu garrantzitsua dela dolua prozesatzen ikastea.
Heriotzak eragindako doluaz gain, beste dolu motak ere aztertzen dituzue?
Obran agertzen diren pertsonaiak azken agurrean zentratzen dira; hau da, norbait hiltzen denean sortzen den agurrean. Baina xehetasunei erreparatuz gero, ikusi daiteke beste agur batzuk ere agertzen direla; hala nola, bizitzako etapen amaierek sortutakoak edota maite dugun norbaitengandik urruntzean sortzen diren agurrak.
Objektuen bidez egiten duzue bidea; zer eskaini dizu horrek?
Objektuek lotura estua dute oroitzapenekin. Denok dugu harremanen bat objektuekin, eta objektu horiek bizipenenen bat edo pertsononaren bat eta istorioren bat ekar diezagukete gogora. Orduan, interesgarria iruditu zitzaigun objektuen bidez gogorarazten joatea. Batez ere, erabili ditugu ustez objektuak diren gauzak; hala nola, landareak edota lorategietan aurkitu ditzakegun elementu naturalak. Horrek eragin du antzezlana oso bisuala izatea eta haurrengan eta familiengan irudiak sortzea.
Helduentzat izateaz gain, haurren-tzat ere dela diozue; haurrak dolu prozesuetatik kanpo uzteko joera dago?
Gure abiapuntua sentipen hori zen, eta ikuskizunak egin ahala ikusi dugu errepikatzen den zerbait dela. Ikusleen iritziak jaso ditugu, eta ba-tzuen arabera, helduon artean ez dakigunez nola landu eta kudeatu dolua, ez dakigu nola egin haurrekin. Lehenago edo beranduago haurrek ere sufritzen dituzte doluak eta galerak. Horregatik, modu naturalean landu behar dugu dolua haurrekin.
Ikuskizunetan jendearen iritzia jasotzen duzue; prozesu parte hartzailea izatea nahi duzue?
Bai, konpainiaren helburuetako bat da gure prozesuak publikoak izatea. Egia da, antzezlanaren produkzioaren hasiera zaurgarriagoa dela emozioak eta ideiak lantzen ari garelako, baina momentu batetik aurrera partekatzeko beharra sentitzen dugu. Jakin nahi dugu ea ulertzen den eta zer sentitzen duten. Gainera, gauzak nola egiten ditugun erakusteak interesa pizten du.
Zer-nolako iruzkinak jaso dituzue?
Oso ikuskizun ikaragarria izaten ari da. Amaieran ikusleek eskerrak ematen dizkigute emozioak aska-tzeko bide bat delako. Ematen du ez dakitela ongi nola kudeatu emozioak. Asko eskertzen digute samurtasunetik eta maitasunetik lantzea gaia eta ez minetik. Batzuek esaten dute ez dela haurrentzako antzezlan bat; beste batzuek, aldiz, haurrek ere horrelako gauzak behar dituztela uste dute. Helduok ez dakigunez kudeatzen, agian uste dugu haurrentzat gogorra izanen dela, baina txikitatik egingo bagenu heldutan errazagoa izango li-tzateke.
Aldaketarik egin duzue iruzkinak jaso ostean?
Ez dugu oraindik astirik izan baina kontuan hartuko ditugu; adibidez, elementuen bidez sortu daitezkeen jolasak.
Sortzen duzun lehenengo obra da; erronka bat izan da?
Erronkarik handiena ekonomikoa izan da, baliabide gutxi ditugulako. Hala ere, Nafarroako Gobernuaren diru laguntza bat jaso dugu, eta horrek kalitate handiagoko obra bat egiten lagundu digu. Horrez gain, bidea ezezaguna da niretzat, lehenengo aldiz ikusi dudalako zer den produkzioa, kudeaketa eta komunikazioa. Hortaz, ez ditut kontaktu asko.
Nolakoa izan da prozesua?
Luzea. Duela urte bat doluaren inguruko gauza batzuk idatzi nituen, baina albo batera utzi nituen. Hala ere, askotan pentsatzen nuen horretan. Nafarroako Gobernuko deialdia ikusi nuenean aurkeztea erabaki nuen. Udan ikusi nuenez diru laguntza jasotzeko probabilitatea genuela testua gehiago landuz joan nintzen. Taldea sortu genuenean besteen bizipenak eta iritziak kontuan hartuz nirea zen zerbait denona bihurtu genuen.
Euskaraz eta erdaraz egin duzue. Zer eskaini dio horrek obrari?
Korapilatu ez dadin, modu naturalean egiten saiatu gara. Antzezlanean lan egiten duten aktoreek [Maia Ansak eta Manuela Orbegozok] euskaraz eta erdaraz egiten dute, eta batek ez dakienez euskaraz pertsonaiak aldatzen dituzte. Pertsonaietako batek oso esaldi gutxi dituenez euskaraz ikasi ditu esaldiak. Horri esker, bi pertsonaiak ezagu-tzen dituzte eta bata bestearen lekuan jartzea zer den ikusi dute. Orduan, korapilatu baino ate asko ireki dizkigu.