Futbol profesionalari ihes eginda, hezitzailea eta irakaslea da lanbidez, gaur egun, Aimar Cid (Gernika-Lumo, Bizkaia). Urte askotan aritu da abestiak sortzen, letrak idazten eta abesten, Dientes de Luna musika taldearekin, batik bat. Bere taldekideekin batera, bost disko kaleratu zituen, eta han eta hemengo irratietan oihartzun dezente lortu zuten. Orain, baina, bakarkako ibilbide musikalari ekin dio, Aimar izen artistikopean. Confesiones de un amor abstracto diskoa kaleratu berri du: sei abesti goxoz eta bertso laburrez osatutako albuma. Barru-barruko aitormenak dira, independentziaz egindakoak. Aimar, beharrizana, askatasuna eta plazerra da; ordena horretan.
Abesti bat: The Killersen Mr. Brightside kanta
Musika talde bat: Extremoduro
Bakarlari bat: Carlos Sadness
Liburu bat: Jostein Gaarderen El mundo de Sofía. Irvin D.Yalom idazlea ere asko gustatzen zait.
Film/telesail bat: Denak; denetatik ikasten dut gauza bat edo beste. Gernika-Lumoko zinemara joaten naiz igandero pelikula zein den ere jakin gabe. Gutxietsitako artea da zinea.
Kultur espazio bat: Imaginautak. Hilero Bilbon egiten den artista desberdinen topaketa bat da. Kultura espazio aberatsa eta indartsua da.