Armairuko traste zaharren artean, zinemarako hiru dimentsioko betaurreko batzuk topatu ditut. Bere garaian arkitekturan erabiltzeko interesgarriak iruditu zitzaizkidan, baina uste dut kalte gehiago egin diela onura baino. Urte batzuk dira errealitate birtualeko betaurrekoak erabiltzen hasiak direla arkitekturan. Sortuko den arkitekturan barrena ibiltzea ahalbidetzen dute eta, ustez, espazioaren beraren baitan bizitzeko aukera eskaintzen dute. Hala ere, benetako espazioa bizitzan sortu ditzaken sentsazio eta bizipenak guztiz deseustatzen dituelakoan nago, arkitekturak izan dezakeen indarra galaraziz. Arkitekturak ezagutzeko, desaraikitzeko... Betaurrekoak beharrezkoak diren garai hauetan, eraikinen barnealdeak ikusteko X izpiko betaurrekoak aldarrikatzera nator.

Kaletik noanean fatxadetara begiratzeko ohiturak eraikinak barrutik zelan egin diren pentsatzera edo barruan zer dagoen amestera narama. X izpiko betaurrekoek eraikinak barrutik ikustea ahalbidetuko lukete, eta fatxadek ezkutatzen dituzten elementu interesgarriak ezagutzeko parada emango ligukete. Hala ere, X izpien aurkikuntzek egungo espazioen konfigurazioan eragina izan zuten. 

Beatriz Colomina arkitektoak bere azken liburuan X izpien aurkikuntzak arkitekturan izan zuen eraginaz idatzi du. Liburu horrek medikuntza-arrazoibideek eta irudi-teknologiek XX. mendeko arkitekturaren prestakuntzan, irudikapenean eta harreran izan duten eragin izugarria aztertzen du, eta, modu berean, arkitektura modernoa ulertzeko modu normalari erronka egiten dio. Arkitektura modernoa bere garaiko obsesio nagusiak moldatua izan zela proposatzean du: tuberkulosia eta haren diagnosi-tresna: X izpiak.

Arkitektura modernoa eta X izpiak aldi berean sortu ziren, gutxi gorabehera, eta paraleloan eboluzionatu zuten. X izpiek gorputzaren barrualdea begirada publikora erakusten zuten eta eraikin modernoak barrualdea erakusten hasi ziren, pribatuaren eta publikoaren arteko harremana gogor alderantzikatuz. Arkitekto modernoek beren eraikinak gorputza eta psikea babesteko eta hobetzeko tresna gisa aurkezten zituzten. Obsesio horrek gure espazioen trataeran eragina izan zuen eta horren adierazle izan dira hortik aurrera egin diren eraikinak. 

Liburuaren autoreak dio gaur egungo arkitekturaren egoerari buruz hitz egin nahiko bagenu, kontuan hartu beharko genituzkeela gaixotasunarekiko obsesio nagusiak eta gorputzaren azken irudiak lortzeko teknika nagusiak, eta gure buruari galdetu beharko geniokela zer ondorio izan ditzaketen arkitekturen formetan. 

Liburuak, bide batez, gure lurraldean eraiki zen erietxe bat ezagutzea ahalbidetzen du. Lezan (Araba) kokatzen den erietxeak Pablo Zabalo Ballarín (1893-1961) arkitekto, pintore eta marrazkilariaren sinadura darama, alegia, bere garaiko profesionalik aktiboenetako batena. Nahiz eta eskuarki etxebizitzak proiektatu zituen, arkitekto donostiarraren ibilbide profesionalean eta Euskal Herriko arkitektura arrazionalistan, eraikinik esanguratsuena da. 1934ko maiatza eta 1935eko abuztua bitartean eraiki zuten, eta nahiz eta gaur egun ospitalea izan, tuberkulosiaren kontrako Lezako erietxe gisa ezagutzen da.

Guardiako inguru berezi batean eraiki zuten erietxea, landa erdian, mendien alboan, eta bloke formako pastilla moduan ezarri zuten. Ez da kasualitatea horrelako leku garbi batean ezartzea. Izan ere, arkitektura modernoan medikuntzarekiko eta garbitasunarekiko obsesioak eragina izan zuen ogibidean. Eraikinean, aldiz, medikuntza berriaren planteamenduak errotik aldatu zuen espazioen konfigurazioa, eta horren adibide da eremu komunen eta pribatuen arteko harreman berria. Lehenago ez bezala, gaixotasunaren tratamendua pertsonalizatzen hasten dira; modu horretan, logelak banakako zeluletan antolatuz.

Eraikineko bi fatxada esanguratsuak modu ezberdinean tratatu zituzten. Fatxada nagusia hegoaldera zabaldu zuten eta hormigoizko sare baten bidez balkoiak jarri zizkioten, bertan kokatuz tuberkulosia duten gaixoentzako logelak. Bertatik, lasaitasuna helarazten zuten; igerileku batez osatutako lorategi garbi bat zuten pazienteek. Atzealdea, aldiz, itxiagoa egin zuten, errepideari bizkarra emanez. Bertan kokatzen dira bestelako zerbitzuak. Arkitektura modernoan, bosgarren fatxadari garrantzia eman zitzaion. Hau da, estalkia fatxada gisa lantzen hasi ziren eta eraikin honetan ezaugarri horri bide emanez estalki lau eta erabilgarria jarri zuten.

Elementu sinple eta garbiez eraikitako eraikin ederra da, garaiko obsesioen adierazle. XX. mendean, osasun-krisien aurrean arkitekturak modu ezberdinetan erreakzionatu du, eta ikusteke dago bizitako pandemiak zelan eragingo dion. Hala ere, garbitasunak eta gorputz “osasuntsuarekiko” obsesioak bere presentzia izan du. Ikasturte honetan arkitekturan eragiten duten elementu ikusezinez arituko gara, ezkutuan dagoena bistaratuz.