Egun musika instrumentuak erostea geroz eta errazagoa da. Tresna modernoak dira gehien erabiltzen direnak pop musikan (gitarra, baxua, bateria…), eta horien fabrikazio industrialak material eta iraunkortasun kalitateak jaitsi ditu, azken produktuak merkatuz. Horien banaketa ere asko arindu eta merkatu da, salmenta globalizatutako merkatu berriei esker. Thomann tankerako makrobiltegi internazionalek instrumentu eta bestelako materialen erosketa azkar eta merkea ahalbidetzen dute, baina tokiko dendak desagerrarazi ditu. Hala, geroz eta zailagoa da aholku edo konfiantza eskaintzen duten dendak aurkitzea hirietan, eta zer esanik ez fabrikatzaileei dagokienez. Instrumentuak estandarizatuz joan diren heinean, soinuek ere joera hori izan dute. Musika tresnak frogatzeko leku aparta ziren tokiko dendak, baina zoritxarrez gaur egun itsu-itsuan egiten dira erosketa gehienak. Ohikoena dugu Youtube bidez sintetizagailu edo pedal baten soinua aztertzea, gero merkeena non lor dezakegun bilatzeko.

Artisautza lana

Salmentaren eta banaketaren aurretik dator, ordea, lutheria. Lutheria musika-tresnak fabrikatzean, doitzean edo konpontzean datzan jarduera da. Entzuten eta egiten dugun musika itxuratzen du, instrumentuek praktika baldintzatzen duten heinean. Horregatik, duela 1200 urte eta Sumerian harpa sortu zuten garaian “dantza maisu” deitzen zitzaien instrumentu-egileei. Berez, hari igurtzi eta pultsatuko musika instrumentuak, bereziki biolinak edo gitarrak eratzen zituenari deitzen zitzaion luthier, baina egun terminoa instrumentu sortzaile gehienei ematen zaie: haize instrumentuak, perkusioa edota instrumentu elektroniko modernoagoak egiten dituenari, eta baita afinatzaile, zaharberritzaile, konpontzaile edo horien soinuen ikerketan dabilenari ere. Azken mendeko industrializazioaren ondorioz, instrumentuen garapenak material eta teknika ezberdinak ekarri ditu, artisautza eta material naturaletatik aldenduz eta prozesuak automatizatuz. Honek, lanbidea urritzea eragin du eta, nola ez, prekariotasuna.

Augusto Gonzalez Baños ‘Katxarrismos’, instrumentu artean.

Augusto Gonzalez Baños ‘Katxarrismos’, instrumentu artean. Irune Orbea

Zentzu horretan, Augusto Gonzalez Baños ‘Katxarrismos’-ek argi dauka: “Burutik pasatzen zaizun gauza bat besterik ez da… Noizbait mandaturen bat eskatu didate, edo zerbait saldu, baina honetaz bizi beharko banintz aspaldi hilda egongo nintzateke”. Goitibehera, tiragomak eta bestelako jostailuak norberak egiten zituen belaunaldikoa da Augusto, eta berak dioen bezala “birziklapenean baino gehiago, berrerabiltzean” oinarritzen du ‘Katxarrismos’ proiektua, hasiera batean perkusio instrumentuak egiten hasi eta Toumani Diabateren kora instrumentuak txundituta, hari musika tresnak egiteari ekin zionean. Hala, olio lataz egindako gitarrak, txinbera baxuak eta zaborretako galdarekin egindako djembeak aurkitu daitezke bere bilduman. Noizbehinka erakusketak egiten ditu, eta baita kontzertu eta saio didaktikoak ere.

Soinuak eraiki

Bide horretatik ere egiten du ogibidea Jonathan Garcia ‘Tunipanea’-k. “Nire jarduera, neurri handi batean, artisautzakoa bada ere, agian artearen eremuan nago gehiago, baina ez galeriei lotutako artearen merkatuan, baizik eta oso zerbitzu espezifikoak eskaintzen dituen kultur eragile gisa”. Bai, beste behin ere, erakusketetatik, kontzertu eta tailerretatik, salmentatik baino gehiago. Tunipaneak “ezohiko soinu tramankulu mota anitzak” eraikitzen ditu, “batzuk interpreteek musika tresna gisa erabiltzeko, eta beste batzuk soinu-instalazio robotizatu gisa erakusketarako erabiltzeko”, hala, bere bere praktikari “lutheria experimental” izena emanez. Teknologia berriak esku zabalez hartzen ditu, laser mozketa edo 3D inpresioa aintzat hartuz bere eraketan, ez duelako “hierarkiarik tradizional edo berritzailearen artean, eta, izan ere, dena uztartzen” duelako.

Jonathan Garcia Tunipanearen erakusketa, Rekalde Aretoan. Jorge Isla

Salvador Maura biolin eta biola luthierrak, berriz, teknologiak artisautza aldatu duela deritzo, eta ontzat hartzen du, “arbastatzeko prozesuak azkartzeko” aukera ematen diolako, gero “moteltzeko eta zehaztasuna eskatzen duten zati horietan zentratzeko”. Maurak hamazazpi urte zituela luthier baten tailerra ezagutu eta, liluratuta, berarekin urte bat eman zuen bere lehenengo biolina eraikitzen, gerora Italiako Cremona hirian hari igurtzien eraikuntza eta zaharberritzea ikasteko. Azkenaldian “antzinako instrumentuen kopia zehatzak” ospea hartzen ari direla kontatu du, baina berak nahiago du “artisau gisa instrumentu bakoitzari bere ukitua ematea”.

Hirurak datoz bat Salvadorren “mundu oso itxia, ezezaguna eta opakua” baieztapenarekin. “Orain dudan tailerrarekin amesten nuen, kalera irekia dagoen beheko soilairuan, edonor sartzeko modukoa”. Bilboko Dos de Mayo kalean du lokal liluragarria eta Tunipaneak Rekalde Aretoan izan duen erakusketaren bidez, edo Katxarrismosen erakusketa edo kontzertu dibertigarrien bidez ere hurbildu gaitezke arte era txundigarri eta garrantzitsu honetara. Ogibidea balorean jartzeko bai, baina soinua zelan “sortzen” den ikasteko ere bai.