Emadan, emadan // pilula batean. Hitzok dira Eneritz Furyak (Irun, Gipuzkoa, 1993) musikariaren Emadan abestiaren lehen bi lerroak. Esan bezala, egin. Pilula gisara Emaizkidan EPaeman du, kantu horren beraren lau remixekin. Hans Krüger, Göö, Antuxuna eta Mono Irazi musikari eta ekoizleen eskutik heldu dira bertsio berriak. Zein bere esparrutik, industrialdera, musika anbientalera eta elektronikara eraman dute Furyaken doinua, jatorrizko egilearen sorpresarako. Fabrikazio sistematik at // Zentzu, zentzu, zer dun?, diote kantu beraren azken bi lerroek. Ildo horretan ere mintzatu da irundarra, musikaren merkatu-panoramari erreparatu gabe, sorkuntza-ariketa gisa ulertzen baitute lan hau. Bigarren bertsio bat ere badakar: Ihia, aldez aurretik kaleratutako Junco abestiaren moldapena; euskaratu ez ezik, banda formatuan ere grabatu duena.

Lehenik eta behin, zergatik atera EP bat zure bi kantaren bertsioekin? 

Ba egia esan, ez da asmo zehatzik nuenik EP bat egiteko. Une konkretu batetik aurreraFarmway Records-eko Fermin Göö-rekin harremanetan hasi ginen, Emadan lanarekin ari ginenean, 2021 urte inguruan. Berak ere bilduma honetan parte hartu du. Hasieran kudeatzaile modura aritu zen, ekoizpen aldetik baino gehiago, kontzertuak eta bestelakoak kudeatzen. Bera izanik pertsona bat oso gertu duena elektronikaren mundua, DJa da, ekoizlea, etab… Sarri hitz eginda geneukan, eta proposamen bat baino gehiago egin zidan horrelako zerbait egiteko. Ideietatik egitera, esaten den moduan: tabernako elkarrizketetatik errealitatera pasatzen jarri ginen, horregatik Emadan kantuaren remixak.

Eta, ‘Emadan’ diskotik bi urte pasa direla ateratzeko arrazoirik bada?

Niri gustatzen zait nire burua ez behartzen disko batetik bestera egon dadin denbora tarte konkretu bat. Askotan sartzen dizuten ideia da: hemendik urte batera edo bi urtetara atera beharko zenuke hurrengo diskoa, jendea zutaz ahaztu egingo da edo ez duzu jarraitutasun bat transmitituko. Nik ez dut gauza horietan sinisten. Hurrengo diskoan dagoeneko lanean nabil nahiz eta ez dudan kaleratzeko data zehatzik. Bi urte pasa dira, besterik gabe, egin dugu eta orain suertatu da egutegian.

“Askotan sartzen dizuten ideia da: hemendik urte batera atera beharko zenuke hurrengo diskoa, jendea zutaz ahaztuko da”

Musikaren panoramari erreparatuta, apustu arriskatua da horrelako lan bat egitea, ez al da?

Guretzat, egia esan, ez zen sartzen estrategia baten barruan. Agian elektronikaren munduan sartuago dagoen jendearen partetik bai, ohituagoak daudelako remixen kulturarekin. Baina poparengandik eta entzule orokorrago batengandik gertuago gaudenon aldetik -nahiz eta ez dakidan horrek zer esan nahi duen ere-, ez gaude hain ohituak. Edozein kasutan, ez zen hainbeste nire proiektua jendeari gehiago gerturatzeko, baizik eta gure artean, egile batzuon artean kolaboratzeko. Uste dut sorkuntza-ariketa gisa ulertu dugula, inori ezer saltzeko estrategia gisa baino.

Bi kantu hautatu dituzu lan honetan bertsionatzeko. ‘Emadan’ da bat. Zergatik?

Pisu berezia zuen Emadan kantak berak, disko osoari izena ematen diolako, eta 50 segundo baino ez duelako irauten. Beti ematen du zerbait gehiago kontatzeko gogoa.

Zuk remixetan parte hartu al duzu nolabait?

Esan daiteke, ia-ia ez dudala nik sinatzen lan hau, izan ere, remixak egin dituzten lau artistei nik bakarrik kantuen pistak eman dizkiet. Ihia abestian, berriz, bai, baina niretzako ohikoa ez den modu batean.

‘Emaizkidan’ remix EParen azala.

‘Emaizkidan’ remix EParen azala. Farmway Records

Eta jasotakoan, zer inpresio izan zenuen? Sorpresa?

Gehienbat sorpresa izan zen, eta ez nolanahikoa. Ez nekien inondik inora zer gertatuko zen. Egia da egile bakoitzari etiketa bat jartzea neukala, adibidez, Mono Irazik joko zuen industrialdera, izan ere, Bidasoa inguruan ezagutu dut rock industriala edo noise estiloko gauzak egiten. Baina haiei libre utzi nien, jo zezakeen hortik, baina elektronikara eraman du, bere zigilua argi nabaritzen den arren. Nagore Antuxunaren kasuan, antzera, inprobisazioa egin du eta nik ez nekien ezerhorren inguruan.

Fermin Göö-rena espero nezakeen, ezagutzen dudalako bere estiloa, baita bere gustuak ere. Baina musika asko entzuten duen DJa da, eta asko kontrolatzen du. Hans Krügerrena izan da gehien harritu nauena. Aritu izan da ekoizle modura beste talde batzuekin, baina esango nuke remix bat bere horretan, bere izenean, ez duela inoiz kaleratu. Ez nuen espero halakorik. Bertsio instrumental hutsa egin du, koru batzuekin. Gainera, koruak ez dakit nire pistaren gainean eginak dauden, sintetizadoretik pasa ostean, edo nire ahotsaren gertukoa duen norbaitek grabatutakoak diren. Edonola ere, mundiala iruditzen zait.

Beste egokitzapena, ‘Junco’ abestitik, ‘Ihia’ egin duzu.

Banuen Junco kantuaren euskarazko itzulpena aspalditik. Banuen gogoa euskaraz ere grabatzeko edo bertsio bat egiteko. Nire buruari galdetu nion, ba zergatik ez? Ematen du agian logika gehiago izango zuela bakarrik Emadan-en remixak ateratzean, baina, zeinek mugatzen gaitu? Nork esaten digu ezetz, ez bada guk gure buruari ezetz esaten diogula?

Probestu genuen ere oso ondo ezkontzen zela post-rock estiloarekin edo estilo horretan mugitzen den atmosferarekin. Izan ere, hasierako bertsio akustikoak, Junco originalak, pianoa eta gitarra baino ez zituen. Eta estilo zakarrago horretara eramateko hainbat izen otu zitzaizkidan, aspalditik gertu ditudan hiru lagun. Haiekin bagenuen lehenagotik ere gogoa zerbait egiteko, baina irudipena nuen epe luzera zaila izango genuela, bakoitza bizi delako txoko batean, eta bere proiektuak dauzkalako. Azkenean erabaki genuen agian ez zela izan behar zerbait epe luzerako zerbait, ez genuela sortuko banda bat, baina egin genezakeen zerbait efimeroa. Hau da, hiru aldiz elkartu ginen entseatzeko eta grabatu egin genuen. Bideoklip bat ere grabatu genuen, geratu dadin gertatu den horren lekukotasuna. 

Eta nahiz eta ez izan Emadan-en bertsio bat, bai izan zen disko horretanbertan jende askorentzako abesti kuttunetako bat. Guretzako, hortaz, modu bat izan da hori guztia biribiltzeko.

“Remixak jaso nituenean sorpresa izan zen gehienbat, eta ez nolanahikoa. Ez nekien inondik inora zer gertatuko zen”

Hain zuzen, abesti hori aurreko lanean gazteleraz dagoen bakarra da. Oraingoan euskaratuta kaleratu duzu. Zorretan sentitzen al zinen zeure buruarekin?

Baliteke. Gazteleraz idatzi nuen naturalki atera zitzaidalako, nahiz eta normalean ez dudan gazteleraz idazten. Hala gertatu zen. Diskoan sartzea hautu bat izan zen, zalantza askorekin hartutakoa, baina errespetatu nahi nuen nondik zetorren. Aurreko batean, kontzertu batean bertan, kontatu nuen berezia zela amona hil aurretik gaztelaniaz idatzitako kantu bakarra zelako, eta, beraz, amonak uler zezakeen kanta bakarra zelako. Eta orain ematen du euskaraz egin dezakedala, baina ez da hori asmoa.

Agian, zor txiki hori kendu diot nire buruari. Era berean, ordea, izan zen kantu bat erraz moldatzen zena hizkuntza batetik bestera, eta itzulpena bera ere gustatzen zitzaidana. Nik, normalean, euskara ulertzen ez duten lagunentzako itzulpenak egiten ditut, uler dezaten zer esaten dudan -hitzak behintzat, esanahiak nahiko abstraktuak direlako askotan-. Kasu honetan, nahiko fidela izaten uzten zidan zentzu eta kontzeptu literalean mantentzeko, eta sortzen zen giroarekin. Eta beti ez da gertatzen, Ihia-rekin gertatu den moduan, batzuetan galdu ere egiten dutelako, eta kontrara, irabazi ere bai.

Bere gertuko musikarien eskutik heldu dira Eneritz Furyaken abestiaren bertsio berriak. Eneritz Furyak

Bertsio horiek zuzenekoetara eramateko asmorik baduzu? Edo ekoizleek beren esparruetan erabil ditzaten sortu dituzte?

Nik remixak ez ditut oholtzaratuko, eta gainera esango nuke ez nukeela jakingo nola egin. Ni ez naiz disko jartzailea. Esango nuke Ferminek agian baietz, bere gustukoa den beste kanturen batekin jarri dezakeela. Gainerakoek esango nuke ezetz, baina oso todoterrenoak dira, beraz, noizbait egingo balute ez nintzateke harrituko. Era berean, askotan esan dut ez direla oholtzarako kantuak, baina aipatu behar dut Ihia abestia kontzertu batzuetan jotzen dudala. Banda formatuan baina, seguruenik, ez da gertatuko. Baina batek jakin. Batzuetan plana izaten da hori eta gero… Remixak, edonola ere, errespetatu egingo ditut.

Hurrengo diskoarekin lanean ari zarela aipatu duzu. Zer aurreratu dezakezu?

Gitarrak protagonismoa galduko du. Abesti gehienak pianoaren gainean egongo dira konposatuta, batzuk elektronikara eramanda, beste batzuk ez hainbeste. Gitarra ere egongo da, jakina, baina dagoeneko galtzen hasia zuen protagonismo hori are gehiago galduko du. Oraindik lan handia dut aurretik, eta baliteke aldatzea. Hortik jotzea da asmoa, behintzat.