Nola eraikitzen da Euskal Herria? Nola eraikitzen da genero identitatea? Jantzi batek zer identitate ematen dio norbanakoari? Galdera sakonak eta hausnarketa soka luzea piztu dezaketenak biltzen ditu Identitarteak antzezlanak. Finn eta Seric pertsonaiek gidatuko dute oholtzan identitatearen (des)eraikuntzaren inguruko bidaia, Garson pertsonaiaren agerraldi zipriztinekin batera. Galdera esanguratsuz jositako bidean murgilduta daude pertsonaiak obran, baina beti ere Gilkitxaro taldeko kideek berezko duten umore eta tonu absurdoan. Apiril amaieran estreinatu zuten antzezlana Lemoako (Bizkaia) kultur etxean.

Jolasean eta solasean dabiltza pertsonaiak oholtzan, eta toki batetik bestera bidaiatzen dute artean. Estadio erraldoi batean hasi, eta basamortura igarotzen dira. Ondoren, itsasora. Handik, etxe batera; eta, hurrengo geltokia, saltoki gune handi bat da. Diskoteka dator ondoren. Diskotekatik antzokira, eta, antzokitik… berriz ere abiapuntura, estadiora. Egitura zirkularra du obrak, kontzienteki. Izan ere, obra osatzerakoan zalantzaz beteriko galderak nagusi izan diren arren, zenbait ondorio atera dituzte antzezleek identitatearen inguruan: “Gure identitatea ez da zer garen, baizik eta zer ari garen… aritzeak egiten gaitu, eta hori konstante bat da”, azaldu du Galder Perezek.

Galdera esanguratsuz jositako bidean murgilduta daude pertsonaiak, baina umore eta tonu absurdoan.

Eszenografia dramaturgiaren menpe ari da ere, eraikuntzaren eta deseraikuntzaren ideia indartuz. Xumera jo dutela azaldu du Ane Zabalak: “Espazio neutro bat da, eta bertan dago gailu bat pertsonaiek jolasteko erabiltzen dutena. Baina, berdin dio zein den jolasa eta zeintzuk diren jolasaren arauak”. Jolasean aritzeak dakar, ordea, istorioaren funtsa. Perezek laburbildu jolasaren funtsa: “Gure buruaz beste egiteko soka bat dago; orduan, gure identitateaz beste egitera jolasten gara”. Eszena bera, identitatea nola, eraikitzen eta deseraikitzen doa obrak aurrera egin ahala; eta, bitartean, jolasak ere aurrera darrai. Berdin hausnarketa, nola algara.

Zabalak gorpuzten du Finn oholtzan, eta Perezek, berriz, Sinc. Hirugarren pertsonaia, Garson, Aitor Garcia de Vicuña ‘Gartxito’ da. Lutxo Egiak erein zuen, ordea, Identitarteak-en lehen hazia. Berak osatutako testua dago oinarrian. 2016ean prestatu zuen Egiak testua eta Cafe Bar Bilbao sariketa irabazi zuen 2017an. Orduantxe, zazpi urte atzera, liluratu zituzten lerroek Zabala eta Perez. “Testua zoragarria iruditu zitzaigun eta antzezlana osatzea erabaki genuen. Gainera, iruditzen zait 2023an 2016an baino aktualagoa dela”, azaldu du Zabalak.

Ordutik aurrera testua euren kabuz landu dute Zabalak eta Perezek, beraien moldeetara eraldatuz, eraikiz eta deseraikiz. “Lutxok askatasun osoa eman zigun”, baieztatu du Zabalak. Izan ere, sortzailea konfiantzaz jardun dela uste du Perezek: “Esentzia galdu gabe, berak nahi zuen galdera guztiak planteatu nahi izan ditugu, baina beste plano batera eramanda”.

Taldea, hazten

Testu “teoriko” hura antzezlan nola bihurtu gogoetatzeari ekin zioten Zabalak eta Perezek orduan. “Gai oso potoloak lantzen dira nahiz eta umoretik izan, eta gabezi bat ikusten genion gu bakarrik aritzeari”, aitortu du lehenak. Prozesuaren zati horretan batu zitzaien Garcia de Vicuña. Hasiera batean, emanaldia musikalki hornitzea zen musikariaren egitekoa. Elkarlana, ordea, estutuz joan zen Garcia de Vicuña obran bete-betean sartu arte. Perezek dioenez, “oso modu naturalean” bilakatu da Aitor taldeko kide. Izan ere, musikan ibilbide oparoa duen arren, lehenbiziko arituko da Garcia de Vicuña antzezle lanetan. Gaur gaurkoz, Mice eta Pasadena taldeetako kide da. Orain, berriz, Gilkitxaro bikotea hiruko bilakatu da.

Galder Perez aktorea, ‘Identitarteak’ obrako protagonistetako bat.

Galder Perez aktorea, ‘Identitarteak’ obrako protagonistetako bat. Gilkitxaro

Perez eta Zabalarentzat berrikuntza da hirugarren kide batekin aritzea, baina poz pozik daude emaitzarekin. Kide berriaren sormenarekin harrituta dago Perez: “Oso ondo ulertu du zer den antzerkia eta guk esandako guztiari ere baiezkoa eman dio. Oso ausart jokatu du”. Proposamen ugari egin dituela erantsi du Zabalak, eta baita egoki egin ere: “Ia denak onartu dizkiogu”.

Komedia dute lan eremu eta berezko espazio Gilkitxaro antzerki taldeko kideek, umorean sentitzen dira eroso. Ildoa mantentzen du Identitarteak obrak. “Egiteko forma bat da, eta asko gustatzen zaigu horrelako antzerkia egitea; umoretsua, baina mamia duen umorea”, zehaztu du Zabalak. Izan ere, dramarekin baino gehiago gozatzen dute komediarekin. Ondo pasatzen dute sortzen, antzezten, eta horixe transmititu nahi diote ikusleari. Are, elkarren artean duten komunikazio eta konexioa nabarmendu dute taldekideek.

Prozesu gurutzatuak

Orain zazpi urte ondutako testua taularatu du taldeak, baina tartean bestelako prozesuetan ere aritu dira murgilduta. Identitarteak alboratu gabe, ETAren agiri bulegoa antzezlana ondu zuten. 2019ko abenduan estreinatu zuten piezaren lehen bertsioa, eta obraren bertsio luzea aurtengo martxora arte izan dute martxan. Bada, Identitarteak-en prozesua katramilatsua suertatzen hasi zitzaiela aitortu du Perezek, eta “arnasa hartzeko” aukera gisa ikusi zuten ETAren agiri bulegoa obraren prestakuntza. Izan ere, Durangoko Azokarako propio osatu zuten emanaldia, formatu laburrean. Pandemia tarteko, hainbat emanaldi bertan behera utzi behar izan zituzten arren, 2021ean ekin zioten berriz ikuskizuna plazaz plaza mugitzeari. Horrekin batera, azken urte eta erdian landu dute bereziki Identitarteak.

Prozesua aurrera eramateko hainbat egonaldi egin dituzte Zuberoan eta Ozaetako Garaion Sorgingunean. Bigarren horretan egin zuten, hain justu, aurre estreinaldia egonaldiaren azken egunean. Ondoren, apirilaren 21ean erakutsi zuten, Lemoako Kotxepin kultur etxean. Urduritasuna tarteko, pozik daude sortzaileak estreinaldian jasotako harrerarekin. Publiko anitza batu zela azaldu du Perezek: “Gure inguruko lagunak eta herriko zein eskualdekoak batu dira, polita izan da hori”. Hurrengo data bat ere badute eskuartean: Zinegoak jaialdian erakutsiko dute pieza, ekainaren 30ean. Horretarako, Bilboko La Fundicion espazioak eskainitako egonaldia izango dute aurretik, pieza borobildu ahal izateko.

Maiatza eta ekaina bitartean beste zenbait emanaldi lotzeko asmoa dute, eta udan atseden hartu ondotik irailean berrartu nahiko lukete bira. Oraingoan, beste kasu batzuetan ez bezala, antzoki “handietarako” prestaturiko ikuskizuna da Identitarteak. Halere, Perezek baieztatu du bestelako plazak ere zapaltzekotan direla: “Gure betiko B zirkuituan ere aritzeko prestatu dezakegu: gaztetxeetan, tabernetan…”.

Ane Zabala aktorea, ‘Identitarteak’ obrako protagonistetako bat.

Ane Zabala aktorea, ‘Identitarteak’ obrako protagonistetako bat. Gilkitxaro

Antzerkiaren poza

Ofizioz kazetariak dira Perez eta Zabala, eta biak ala biak irratian aritzen dira gaur gaurkoz. Antzerkia, ordea, afizioz ala ofizioz, ez dute sekula alboratu. Sormena lantzeko oso tresna baliagarria zaiela aipatu du Perezek; eta, bada, kazetaritza baino askoz “askeagoa” dela teatroa. Zabalak argi du antzezteak sorrarazten diona: “Geroz eta argiago daukat antzerkia egiten dudala ondo pasatzeko. Hausnartzeko bai; baina, batez ere ondo pasatzeko. Teatroa niretzako da gozamena eta niretzako den heinean ikuslearentzat ere espero dut izatea”. Horretarako, ikusleari bidaia gogoetatsu eta dibertigarria proposatu nahi izan diote oraingoan. Aritu bitartean, garena eta ez garenaren inguruko gogoeta zirikatzailea. Publikoak ere, pertsonaiek bezala, beren identitateaz beste egin dezan.

Fitxa teknikoa

Testua: Lutxo Egia

Dramaturgia eta zuzendaritza: Gilkitxaro

Interpreteak: Ane Zabala, Galder Perez eta Aitor Garcia de Vicuña ‘Gartxito’

Jantziteria eta elementu eszenografikoak: Ramona Bilbao Izaguirre

Soinu diseinua: Aitor Garcia de Vicuña ‘Gartxito’

Argiztapena: Ruben Martinez Blanco

Kartela: Gontzal Gutierrez

Laguntzaileak: Garaion Sorgingunea

Gilkitxaro antzerki taldea

1993an sortu zen Gilkitxaro antzerki taldea, Deustuko Gazte Lokalean. Hasiera batean 10 kide inguru biltzen ziren antzerkia egiteko, eskola garaitik bildutako taldetxoa. Ane Zabala eta Galder Perez izan dira, ordea, gaur egun arte taldekide egonkor gisa iraun dutenak. Halere, zenbait antzezlanetan beste sortzaile askorekin aritu dira elkarlanean. Umoretik eta absurdotik landu ohi dituzte proposamen artistikoak, gehienetan beraiek sortutako testuetatik abiatuta. ‘Honolulu, leku bat’, ‘8 begi’, ‘Morbus Operandi’ edota ‘ETAren agiri bulegoa’ dira taldeak sorturiko zenbait antzezlan. Horiez gain, kolaborazietatik jaio ziren ‘Adarretatik Zintzilik’ edota ‘Mirande Kabareta’ obrak.