Petros Markaris idazle greziarrari polemika zahar bati buruz galdetu diote: Gauza bera ote da nobela beltza eta polizia-nobela? "Niretzat, bien artean dagoen ezberdintasuna kontakizun bakoitzaren oinarrian dagoen galderan datza. Polizia-nobela batean galdera nagusia hau da: Nor da hiltzailea? Nobela beltzean, aldiz, hau litzateke: Zergatik hil du?".

Helder Camara Brasilgo gotzainak esaten zuen bezala: "Pobreei laguntzen diedanean, santu deitzen naute; pobreak zergatik dauden galdetzen dudanean, komunista deitzen naute". Arriskutsua izan da beti 'zergatik?' galdetzea, baina, halere, umeak ikasten duen lehenengoetako hitza hori da. Zientzian, medikuntzan, astronomian eta beste alor askotan ezinbesteko abiapuntua da gauzen zergatia galdetzea.

Literaturan, aldiz, obra argitaratu ondoren egiten den galdera da. Idazle guztiei lehenago edo geroago agertuko zaiena, izan elkarrizketaren batean, hitzaldiren batean, ez bada itsasertzean burutzen diren udako unibertsitate nagi horietako sinposiumen batean, gin-tonic-etan beratutako neuronak lanera behartuz.

Liburuaz hitz egitea gauza bat da, hiltzailea nor den galdetzea bezala: zein da gaia, argumentua, kokagunea, garaia. Besterik da zergatik idatzi duzun erantzun beharra. Galdera hau, halaber, bikoiztu liteke, gainera: zergatik idatzi duzu liburu hau, edo zergatik idazten duzu, orokorrean. Idazleak ere maiz galdetzen dio bere buruari, batez ere ofizioan hamarkada asko daramatzanean, "Zergatik idatzi liburu berri bat?". Eta hurrena da: "Zertarako?".

Eta behin itaunen zurrunbiloan murgilduta, jarrai dezake galdezka: Munduak ba al du liburu berri honen beharrik? Edo nik neuk behar al dut hori idatzi? Merezi al du hiru urteko tentsio intelektuala mantentzea, 300 ale salduko den nobela bat idazteko? Egunkari bakar baten interesa ere piztuko ez duen nobela? Zergatik egiten dut hau, eta ez naiz joaten lagunekin poteatzera, dena ahaztuta? Zer droga mota da idaztea?

Baina gauza bat da norberak daukan bakarrizketa, eta bestea kanpora begira ematen diren erantzunak. Era guztietako argudioak irakurri ditut. Batzuk mistiko jartzen dira: nik irakurri nahi nukeena idazten dut, idaztea terapia egitea da, heriotza gainditzeko modu bat, gizakiaren ariman barneratzeko tresna bat da, bizitzaren kaosari zentzua emateko bide bat…

Besteak prosaiko jartzen dira: psikologoaren bisitak saihesteko idazten dut, fakturak ordaintzeko, langabezian geratu eta neure burua berrasmatzeko balio izan dit… Bestetzuk fatalista bihurtzen dira: ez dakit beste ezer egiten, arnasa hartzea bezala da niretzat, bizitza eramangarri egiteko modu bat, irudimena edertasunera naraman zubi bat da… Besteek beren burua interesgarri agertu nahi dute: garaiaren espiritua islatu nahi dut, hiltzaileen psikologia arakatu, galtzailearen edertasuna deskribatu, amodioaren ezintasuna deszifratu, gizakiaren txarrerako joera argitu…

Mila argudio xelebre. Zergatik? Idaztea oso gauza arraroa delako: bizitzaren eten bat, hitz sortak orrian grabaturik uzteko. Petros Markarisek marrazten du arraia gorria: "Idazle askok diote literaturak denbora-pasa izan behar duela, baina ni ez nago ados. Idazle bazara ezin duzu egon gizartean gertatzen denaz aparte, ezta ere politikak edo ekonomiak pertsonen bizitzan daukan eraginaz kanpo". Literatura, zertarako? Markarisek dioen horretarako.