Aurten bederatzigarrenez emango du Donostiako Udalaren kultura sailak euskal musikariak omentzeko Adarra Saria. 2014an sortu zenetik, Mikel Laboak, Anari Alberdik edota Berri Txarrak taldeak osatzen duten zerrendari Joseba Tapia (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1964) gehituko zaie. Ekainaren 21ean egingo dute ekitaldia Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, eta bertan jasoko du eskulturatxoa Eneko Goia alkatearen eskutik. Jarraian, sarituak kontzertua eskainiko du bere bandaz lagundurik.

Donostia Kulturak izendatutako epaimahaiak adierazi duenez, Joseba Tapiaren merezimendurako izendatzea honako hauengatik egin dute: "Ibilbide luzeagatik, moldakortasunagatik, herri-musikaren ondarea kontserbatu eta zabaldu izanagatik eta soinu-txikiak askotariko musika-ingurune eta giroetan duen gaurkotasuna frogatu izanagatik".

Musikariak bere aldetik aitortu du ez zuela bere burua sari baterako hautagai ikusten, are, beti "beste aldean" kokatu izan dela. "Onartu egin dut, hala ere, nire musikaz gain, urte hauetan guztietan nirekin aritu diren guztiei aitortza egiteko ere balio duelako". Tapiak oholtzetan daramatzan 40 urteetan bidelagun izan dituen musikari, agente, soinu-ingeniari eta beste asko gogoratu nahi ditu omenaldi honekin.

Bide luzea bezain oparo

Txikitatik heldu zion trikitiari Joseba Tapiak, osabaren ikasle aritu zen, eta harekin igo zen taulara estreinakoz. Ordutik taldean zein bakarka aritu da.

Euskal herri-kantutegiaren parte bihurtu diren abesti andana utzi ditu Tapiak urteotan. Horietako abesti ugari Leturiarekin batera 1984az geroztik osatu zuen tandemean egindakoak dira. Gainera, 1986an eta 1988an Euskal Herriko Trikiti Txapelketako lehiaketetan gailendu ziren elkarrekin. Hasiera hartatik bertatik atzeman zitzaien aurreko belaunaldiarekiko haustura: trikitia jotzeko molde berria. "Garai hartan aldaketa baten erdian ginen, eta musikaren arloan guri egokitu egin zitzaigun aldaketa horren parte izatea". Testuinguru kontua dela dio, beraz, Lasartekoak.

Horrez gain, grina ere bazutela gehitu du. Hala bada, landa-guneari lotuta zegoen estiloa, rockera, popera edota rapera bezalako soinu berriagoetara gerturatu zuten. Taldeak iraun zuen ia hogei urte eta 12 diskoetan soinu txikiak plaza handiak bete zituen. Lan horien artean askotariko piezak sortu zituzten, horien artean oraindik ere tabernetan eta erromeriek bertsionatzen dituzten: 'Hik lan eta nik jai', 'Festarik festa' edo 'Galdurikan nago', adibide xume gisara.

Bitartean, beste proiektu batzuetan ere parte hartu zuen musikariak. Zaldibobo taldea, esaterako, Mixel Ducaukekin, Mikel Artiedarekin, Frederic Gallardertekin eta Beñat Amorenarekin batera, Afrikako soinuak edota musika beltza esploratu zituena. Diska parea egin ostean jotzeari utzi zioten. Hiru truku taldean ere aritu zen Joseba Tapia, Bizkaiko eta Nafarroako kantu tradizionalak berreskuratzeaz arduratu zena. Bixente Martinezekin eta Ruper Ordorikarekin hiru disko egin zituen taldeak.

Etapa berria, bakarrik

Bakarkako karrerari ekin zion 1998an. Artean, Leturiarekin eta beste taldeekin bazebilen arren, bere kabuz aritzea erabaki zuen. Berritasunarekiko grinak bultzatuta, ahotsa eta trikiti-hotsez baino ez, Apoaren edertasuna lehenengo lana kaleratu zuen. Ordutik, olerkari gogokoen abestiak musikatu, musikaren bazterrak miatu eta tradizioaren kantuak berreskuratzen segitu du. Osotara hamar lan egin ditu, estudiokoak zein zuzenekoak, bakarka, zein bandaz lagundurik, diskoetxeekin zein autoekoizpenean eginak. Azkena, iazko udazkenean aurkeztu zuen: Egon edo ez egon. Bere lanetan beti ekarpenak egiten saiatzen den arren, azkeneko diskoaren bidetik datorrela uste du. "Musikalitate jakin bat bilatu dut, eta uste dut aurreko lanaren aztarnak badirela lotzen dituena".

Hain justu, Ion Celestino musikari iruindarrak aipatu azken bi lanetan kolaboratu izan du. Bandaren parte da, tronpetajolea, baina bere burua Tapiaren aspaldiko "fanboy" gisa aitortzen du. Miretsi egiten du Joseba Tapiak tradizioaz duen ikuskera: "Ongi ezagutzen du eta beti dabil sakontzen eta zerbait berria bilatzen". Ildo horretan gehitu du, trikitilariaren begietan tradizioa ez dela "arkeologia eta kontserbaziorako elementu", hau da, bere horretan uzteko eta zaintzeko zerbait. Aitzitik, tradizioa gaur egunera iritsi bada etengabeko aldaketen eraginez izan dela.

Celestinoren hitzetan, musikaren "proletarioak" ziren -Tapia eta Leturia-, izan ere, gai ziren plazetan edo ezkontzetan aritzeko, jende "zaharrarengandik" ikasten, zein musikaren uneko abangoardistekin parte hartzen edo molde berriak kanpotik ekartzen. Publikoari aurre hartu dion musikaria dela esan du, halaber: "Puzzle oso osatu bat da. Bere karreran, adibidez, jendea hasi zenean zabaldu zituzten bide berrietara gerturatzen, haiek beste gauza askoz ere sofistikatuagoak egiten hasi ziren". Celestinok gaineratu nahi izan du musikari guztiek dutela zer ikasi lasartearrarengandik: "Beti ikasten eta beti zirikatzen aritu da".

Publiko berria

'Guapos como solano', 'leyendas como Tapia' (Solano bezain ederrak, Tapiaren gisako legendak). Hitzok Iruñeko Chill Mafia talde entzutetsuaren 'Barkhatu' abestitik hartutakoak dira. Aipu soil batek, ordea, Tapiarekin elkarlanerako atea zabaldu zuen, izan ere, Chill Mafiako kideen ekarpena izan zuen azken diskorako promozioan. Umore ikuspuntu batetik, estiloari, janzkerari eta bestelako gaiei buruz galdetzen zien Joseba Tapiak Kiliki eta Flako Fonky abeslariei. Sareak astindu zituzten bideo labur horiek.

Iruindarrak ere musikaren arloan berritzaileak direla esan izan da, Euskal Herriko paronamari dagokionez bederen. Tapia harago joan da: "Ikusi dut Iruñean zerbait dagoela, eta nolabait ni ere sartu naute hor". Azaldu duenez, interes handiz segitu ditu hiri buruzagitik sortzen ari direnak, Chill Mafia bera ere bai. Iruñeko "eztandaren" oihartzuna nolabait sentitu du, publiko gazteago batek bere berri izan duelako edo harengana gerturatu delako. Ez du uste, berriz, hori bakarrik izan denik bere kontzertuetako publikoa aldatzeko arrazoi bakarra.

Atzera-aurrera

Atzera eta aurrera aritu den musikaria da Tapia: tradizioa eta berritasunak eskutik helduta ekarri ditu Euskal Herrira. Lau hamarkada hauei errepasoa egiterakoan, hainbat puntutan egin du azpimarra: "Hasi nintzenean oso baldintza eskasetan aritzen ginen, egoera hobera egiten ikusi nuen gero, baina uste dut berriz ere atzera egiten ari garela". Musikariek musika jardun osoko lan izateko baldintzez eta bitarteko faltez mintzo da. Atzera begiratuta, musikaren mundua bera aldatu egin dela ezin ukatu. Diskoetxeak sortzen eta desegiten ikusi dituela azaldu du. Musikaren euskarri desberdinak nola aldatzen joan diren ere ekarri du mahai gainera: "Hasieran kaseteetan grabatzen genuen, hura desagertu zen, gero etorri zen diskoa eta hau ere desagertu da". Digitalak hartu du espazioa orain, musikarien kalterako nolabait, salmentarik ia ez delako. "Mundilloa" bera aldatu dela ondorioztatu du, bere on eta txarrekin.

Nolanahi ere, pozik da egin duenarekin. Kantu asko herriarenak bihurtu dira, beste asko ez, baina normala deritzo horri ere: "Sentsazioa dut hainbat gauzarekin asmatu dudala, asko betetzen du horrek. Beste batzuk ere aldatuko nituzke, jakina". Berritzaile izateak gauza asko eman dizkiola onartzen du, bilatzen aritzeak gauza "ederrak" aurkitzera eraman baitu. Baina "abangoardiak" beti dakar sektore baten arbuioa: "Naturaltasunez bizi izan dut", Tapiak. Hari horretan, erantsi du ezinbestean gertatu behar zen zerbait zela, baina ez dela mindurik sentitu. Are gehiago, plazak ez ezik, aretoak ere betetzen aritu da urteotan, eta horrekin geratzen dela esan du.

Datorren asteartean emango du hurrengo kontzertua, Adarra Saria ospatzekoa. Horrez gain, udan baditu beste bolo batzuk, adibidez, hilaren 25ean Tolosako San Joan festetan joko du eta uztailaren 3an Irisarrin izango da, EHZ Festibalaren azken egunean.