Ez dut orain arte zeropatateroen kontuaz idatzi aipatuko ez ditudan zenbait arrazoirengatik, baina Bilboko auzitegi batzuek hartu duten erabakia ezagutu eta gero, beharrezkoa iruditzen zait, gelditzen omen ziren muga apurrak desegin baitira. Esango dute justizia (sic) espainiarrak (horixe baietz) ez duela ezer euskararen aurka, baina emaitzak ezin argiagoak dira, zeren guzti-guztiok baitakigu auzitegien erabakia, Euskal Hizkuntza eta Literatura azterketan lortutako nota eskasa behin-behinean kontuan ez hartzea Euskal Herriko Unibertsitatean sartzeko, ez litzatekeela berbera izango arazoa Gaztelanian (por favor) edo Ingelesean (please) gertatu izan balitz, zer esanik ez Historian edo Matematiketan. Baina euskara da, eta euskara gauzaki gogaikarri hori besterik ez da, oztopo hori, bigarren edo hirugarren mailako mordoilo bat uste dugun baino jende gehiagorentzat, eskuinekoak izan edo ezkerrekoak (adibiderik nahi?).

Beste azterketetan emaitza kaxkarrak atera dituzten ikasleak animatu nahi ditut hemendik: aurkeztu helegiteak, kontratatu abokatu eta prokuradoreak, hitz egin zuen aitatxo-amatxoekin ea kontakturen bat duten auzitegietan. Kontaktuak eta dirua behar dira, bai. Zeintzuk dira irakasleak notak jartzen ibiltzeko epaileak daudenean? Euskararen kontra ez ezik, hezkuntza-sistema osoaren kontra doa auzitegi horiena, ondorioak larriak izan daitezke.

Euskal Herriko Unibertsitateak berehala adierazi du helegitea aurkeztuko duela, ezin baitu salbuespenik egin unibertsitatean sartzeko prozeduretan, baina hau idazten ari naizen unean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez du txintik esan. Zerbait esango du, bai; astelehen goizean bertan “Eskola Bikaina Denontzat” aurkezpenean Begoña Pedrosa Sailburu andreak esan zuen gaztelaniaz “begietara elkarri begira desberdintasunen gainetik batzen gaituena aurkituko dugula”. Ez dakit zeinek egingo zuen barre ozenago, aitatxo-amatxo pribilegiatu horiek, semetxo-alabatxo zerodunek, epaile jaun-andreek, pribatu-kontzertatuetako patronalek, CCOOko eta UGTko auzizaleek edo (negar ez egiteagatik) nik neuk.