Moisesen hamar manamenduetan irakurri genuen legez, hurkoa maitatu behar dugu geure burua beste. Izan ere, hurkoa da gizatasunaren ispilua. Hurkoarengan ikus dezakegu geure burua. Hurkoa abnegazioaren gorengo maila da, hari zor diogulako geure buruari eskaini nahi diogun guztia. Hurkoa, gero eta behin, norberaren aurkiaren ifrentzua da. Ez dago osotasunik biak ez badaude. Bada, gaur egun, hurkoa erail dugu. Egun hurkoa desagerrarazi dugu geure bizimodutik, hurkoak erakusten baitigu zelan izan behar dugun benetako gizakumeak, eta ez azaluskeriazkoak.
Hartan-horretan, auzokoen arteko bizimodua dugu ispilurik gordinena. Garraio publikoetako ilaretan gaudenean listopasatuak aurretik daudenei aurrea hartu nahi dienean, ikusten dugu hurkorik ez dagoela, norbera bakarrik baino. Igogailu baten aurrean zain gaudenean, eta botoia sakatzen dugunean atzetik inor datorren begiratu barik hurkoa erailtzen dugu. Presaka (zertarako?) ibiltzeak ez du zuritzen inor gehiago etortzekoa den ez begiratzea. Eta hurkoa alde batera laga duen hori bihar-etzi hurkoa izango da inorentzat.
Izan ere, inor guretzat hurkoa bada, norbera besteentzat hurkoa da. Guk inoren gainean dugun irudi bera edo antzekoa izan dezake inork geure gainean. Halandaze, guk hurkoa ezerezten badugu, hurkoak gu ere ezerezten gaitu. Eta elkar ezerezte horrek taldea desegiten du eta norberekeria gailenarazi. Norbera bihurtzen da bakar eta xede. Ez dago inor norbera baino. Eta hortxe hasten da gizartearen akabantza eta amaia.
Izan ere, hurkoak egiten gaitu gizarteko kide, gizakumeen arteko taldekide. Hurkorik gabe bakarkeria gailentzen da, eta Moisesen aginduetatik honanzko bidea, malkartsua izateaz gain, alferrekoa izan dela konturatzen gara. Eta, gizarterik ez badago, ez dago herririk, herri bat sortzeko herrikide batek baino gehiagok hartu behar dutelako parte. Herri bat eratzen duten osagaietako bat historia partekatua da, eta historia hurkoarekin egin beharrekoa da. Baina… hurkorik ez dago.