Badator herriko ketoa plazara eta, bat-batean, han zeudenei itaundu die ea zergatik eskatzen dituzten herrialde musulmanetako andrazkoentzat eskubide jakin batzuk, Palestinako andrazkoentzat eskatzen ez dituztenak. Plazara batutakoek ketoari begiratu diote isil-isilik. Tonto horrek esana buruan sartzen zaie plazakoei, eta berehalaxe konturatu dira euren burua atal bakartuetan antolatuta dutela.
Badator herriko ketoa plazara eta, ustekabean, itaun hau egin die elizaren aurreko plazan zeudenei: kristauok Jesusen mezua bihotzean badaroagu, zergatik ukatu dio abade batek mutiko bati lehenengo jaunartzea haren ama lesbiana dela esanda? Jarraian, herriko ketoak hauxe gehitu du: kristauon nahia hurkoarenganako maitasuna eta harenganako barkazioa ematea bada, zergatik jokatu du abade batek, maitasunaren aldarrikatzailea izan beharko lukeenak, guztiz kontrara? Nork aukeratu zuen artzain hura artalde horrentzat?, itaundu du azkenez herriko ketoak.
Badator herriko ketoa plazara eta, ezustean, ahots goraz itaun hau zabaldu du bere ingurumarietan daudenen artean: zergatik abade batek ukatu dio Downen sindromedun andrazko bati ume baten bataioan ama besoetakoa izaten? Plazakoak txundituta geratu dira herriko ketoaren itaunarekin, eta behar den moduko erantzun bat topatu ezinean gelditu dira. Berriro ere agertu da herriko ketoa, guztiek gutxietsia, haren inguruko guztien gainetik. Buruargi ustekoak herriko ketoaren azpian gelditu dira.
Badoa herriko ketoa herriko plazatik eta, han daudenen salbaziorako, ez dago beste itaunik, erantzun behar denik. Izan ere, bat-batean azaldu da bozgorailutik Joanen ebanjelioko andre adulteriogilearen pasartea. Jesusek plazan zeudenei “Zuetan bekaturik gabe dagoenak jaurti diezaiola lehen harria” bota zienean, “hori entzutean, banan-banan alde egiten hasi ziren”. Guztiak ez. Herriko ketoa hantxe gelditu zen geroago azalduko zirenei Jesusen itaunak egiteko, aldarrikatzaileei bezala ukatzaileei.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">