Almudena du izena. Otaola du lehen abizena eta Urkijo bigarrena. Ezagutzen dut. Uste dut 2017ko urtarrilean azken aldiz agurtu nuela Eusko Jaurlaritzako bere bulegoan, nire azken txanda amaitu nuen Eusko Jaurlaritzan, bere lehena zelakoan nago. Etxeko-lan batzuk utzi nizkion karpeta zail batean ondare gisa. Espainiako Senatuan ere ibilia da. Ondoren 2024ko urrian Ondare eta Kontratazioko Zuzendaria izendatua. Ziur naiz lan txukuna egingo duela, beti egin ohi duen eran. Almudena Otaola Urkijo (beti garrantzi handia eman izan diot amaren abizena harrotasunez azaltzea norbera aurkezten den bakoitzean). Arabarra, Okondo herrikoa. Okondo herrikoa da bai, Jose Pablo de Ulibarri y Galíndez lez, “Gutun liburua” idatzi zuena hain zuzen eta oso ezaguna euskararen defendatzaile sutsua bezala, bere erabilera bultzatu eta aldarrikatu zuena bai hezkuntzan bai kaleetan. Albaitero kultua. Almudenak liburu berri bat argitaratu du “El legado que seremos”, euskarara itzuliko bagenu “Izango garen ondarea” edo antzeko zerbait idatziko genuke. Hunkituta irakurri dut. Arratsalde eta goiza bat erabili ditut erabateko arretaz orriz orri, lerroz lerro, hitza bakoitza hitz. Hitza hitz. Malkoren bat ere ixuri zait hainbat pasadizotan. “Izan zirelako gara eta garelako izango dira” liburuaren laburpenaren laburpena. 

Euskaldun askoren sendi eta familien historiak, belaunaldiz belaunaldi, aiton-amonen aiton-amonak, gurasoen arbasoak, geure arbasoak, Euskal Herria, gudak eta malkoak, heriotzak eta tristura infinitoak, bizitzak eta heriotzak, itxaropen eta desesperantzak. Seme-alabak. Bilobak, birbilobak. Geure historia bortitza. Horretaz dihardu Almudenak. Nire aita eta izeba-osabak gogoan eta bihotzean. Hilak eta bizirik geratu zirenak. Omenaldi haiei. Ezin ahaztu beraien identitatearen aldeko borroka irmoak. 1895 Robustiano eta Bibiana Okondo. Inosen eta Xixili Donostiako Kanpanario kalea 1950. Haiek Almudenaren arbasoak. Hauek nire ama eta aita. Euskaldunak, istorio gogorrak. Milesker. Almudena.