Hiztun asko behar ditu euskarak. Horixe baino ez. Hiztun jantzi askok osasuntsu bihurtzen dute euskara. Ostera, euskarak ez du sasijakintsurik behar, are gutxiago aldameneko hizkuntza batean dauden arazoak, euskarak berez ez dituenak, euskarara dakartzaten edo ekarri nahi dituzten sasijakintsuetatik bat ere ez du behar euskarak. Hori ez ezik, euskarak ez du jakinezik behar. Zoritxarrez, azken egunetan esandakoaren aleak agertu dira. Arlo horretan, anakronismoak kalte izugarria egiten du, eta franco txikiek euskal kultura galarazi.

Izan ere, Bilboko Udalak “Zirgarien kaia”k “Andre Zirgarien kaia”ren izena hartuko ei du, eta “Galletagile etorbidea” “Emakume Galletagileen Etorbidea”ren izenaz bataiatuko omen dute, andrazkoak ikusarazteko. Zenbat bider gomutarazi behar da euskarak hizkuntza gisa ez duela generorik. Euskara hainbeste maite ei duten horiek hobe lukete euskara gehiago landuko balute.

Kontua are okerragoa da, konturatzen bagara, erabakia hartzerakoan ez dutela kontuan hartu ogibide horiek denbora jakin bati dagozkiola, eta orduan zirgariak andrazkoak ziren ezinbestean, galletagileak ziren moduan. Jakina, horretarako historian zehar ibilaldi laburra egin behar izaten da. Zeintzuk ziren saregileak, andrazkoak baino? Zein zirgariak? Zein galletagileak? Eta baliteke baten batek uste izatea euskal andrazkoei egundoko mesedea egun dietela erabaki horrekin. Anbotoko Damak besa.

Andrazkoen aldekoak ei diren erabakien artean, bada bat Eibarren hartu dena. Hor “Lepoan hartu eta segi aurrera” abestia txosnetan ez ipintzea erabaki da, matxista delakoan. Noren eskuetan ote gaude? Telesforo Monzonek idatzi eta Pantxoak eta Peiok abestutako kanta hori nondik nora da matxista? Francoren sasoian, Bergarako semeak idatzi eta Ezpeletako eta Azkaineko semeek abestu ahal izaten zuten, eta guk, orduan askozaz gazteagoak egun baino, kantatu egiten genuen askatasunaren aldeko ereserki hura. Gaur egungo franco txikiek haien ahotsa isilarazi dute.