Partido Popularreko propaganda bat, orritxo bat, iritsi zait etxera, gaztelania hutsez, jakina. Egia da izkinatxo batean Gasteiz hitza agertzen dela, Vitoria hitzaren azpian eta harridura-markarekin, Andre Mari Zuriaren plazan dagoen landare-eskulturan bezala (horrela deitzen diote, landare-eskultura). Propagandaren helburu nagusia da “PSOE-PNV eta Bildu” (haiek idatzi bezala idatzi dut hemen) salatzea zabor-bilketa dela-eta egongo den zergaren igoeragatik. Ez da inon aipatzen Europako Batasunetik datorren arauen araberako igoera dela hori. Gezurretan ibiltzeko modu asko dago, eta egia osoa ez esatea, zerbait ezkutuan gordetzea, horietako bat da.
Aspaldidanik dakigu hori, eta aspaldidanik erabili dira taktika horiek politikan; agian gaur egun dagoen desberdintasuna da erraztasun handiagoarekin egiten dela, lotsa gutxiagorekin. Ziur naiz norbaitek Javier De Andrés jaunari propaganda horretan datorren faltsukeria aurpegiratuko balio plazan, ez lukeela keinu deserosorik erakutsiko, aitzitik, lasai asko berretsiko luke “PSOEko udalburuak Bildurekin zerga guztiak igotzen dizkizula” (haiek idatzi bezala idatzi dut hemen), zeren orritxoaren azken helburua ez baita herritarrak informatu edo eztabaida sortu edo boto-emaileak bilatzea, baizik eta buruak nahasi, desinformazioa zabaldu eta, batez ere, konbentzituen taldea sendotzea, tabernan edo okindegian zergen aurka ozenago hitz egin ahal izateko.
Ez nau harritu orria gaztelania hutsez idatzita egotea, PP euskararen kontra dago; gogorra izango da aurreko esaldia batzuentzat (benetan?), baina hala da, orain dela gutxi baieztatu digute berriro ere Europan. Egia osoa ez esatearenak, engainuak, ere ez nau gehiegi harritu, ia-ia ezta haserretu ere, nekea sortzen dit batik bat. Politika kontuetan gezurra gezurtatzea gezurra esatea baino zailagoa da beti, korapilatsuagoa, denbora hartu behar da engainua zertan datzan erakusteko, azalpenak eman beharra dago, lasai eta luze arrazoitu. Eta gure garaia ez da fintasun horietarako egokiena, horregatik dute arrakasta gezurrek.