Zin dagit: Internetek gizakion burmuinak erre ditu. Zin dagit: sare sozialak biderik antisozialenak dira. Castellesek iragarri zuen glokalizazioa ezinezko gertatu da. Dabid eta Goliaten arteko pasadizoak milako beste bederatziehun eta laurogeita hemeretziekin batera osatzen du historian zeharko gertakizunen proportzioa. Milatik bederatziehun eta laurogeita hemeretzitan Goliatek azpiratu zuen Dabid. Zin dagit: Internetek gizakion burmuinak kiskali ditu. Zin dagit: sare sozialak gizakiok bakartzeko biderik eraginkorrenak dira.
Euskaldunok gutxi gara Espainiako Erresuman eta Frantziako Erresuman. Euskaldunok hutsaren hurrengoa gara ludiko biztanle, aberri, nazio eta estatuen artean. Zazpi euskal herriak ludiko zortzi mila eta hirurogeita bi milioien artean % 0,40 gara. Hutsaren hurrengoa. Baten batek sinetsarazi nahi izan zigun herrialdeen arteko muga fisikoak gainditu ahal izateak herri txikiontzat abantailak ekarriko zituela. Gezur galanta! Edo, asmo txarrik esan ez bazen, hanka-sartze izugarria!
Eldarnioa egunean baino egunean gaiztoagoa eta beldurgarriagoa da, ereduak gugandik geroago eta urrunago ezartzen direlako, eta guk geure txikian ezarri ahal ditugunak geroago eta txatxuagoak direlako. Hain da izu-ikaratzailea amesgaiztoa, non nahiago dugun ez ikustea gure izatearen hutsaltasuna nabarmen ez jartzeko. Gutxiagotasun-konplexuak jota gaude, geure burua ez dugu behar den moduan estimatzen, eta horrek gu herri gisa desagertzea ekarri ahal du geroenean.
Iratzar gaitezen, geure txikitasuna da geure handitasuna, milatik batean irabazi ahal dugu baldin eta guk geure burua behar bestekoa dela sinesten badugu; euskaldun izatea, % 0,40 izan arren, % 100era heltzeko ezinbestekoa da. Esna gaitezen. Harro gaitezen euskaldun izateaz. Gizadiaren zati txikia bagara ere, ezinbesteko zatia gara. Inorena gutxietsi barik, onetsi geure nortasuna, eta erabili euskara. Jaramonik ez egin atzerrietatik datozen jainko txiki handiusteei!