Hedabideetan irakurri ditudan azken datuen arabera, Gazan hildakoak 53.745 dira, baina ez litzateke harritzekoa lerrook irakurtzen dituzuenerako zenbaki hori zahartuta egotea; zaurituak 120.000tik gora dira, tartean hankarik edo besorik gabe geratuko direnak, hau da, inoiz sendatuko ez direnak. Izugarrikeriak ez du bukaerarik, Netanyahuk iragarri berri baitu Gaza osoa kontrolpean edukitzeko operazio bat, “Gedeonen gurdiak” izenekoa, abian jarri duela pasa den asteburutik. Ez dirudi Israelek hartu duen bidea egokiena denik bahituak askatzeko, hori baldin bada asmoa, ezta Hamas erakundearekin bukatzeko ere; sarraskia dela-eta milaka gazatar egongo dira Hamasen sartzeko prest. Gazako jendeak Israelgo armadaren mezuak jasotzen ditu egunero, eremu hori edo hura bonbardatuko dutela abisatuz, eta beste norabait joateko, baina beste norabait hori ere etzi edo etzidamu bonbardatuko dute. Zinismoak ez du mugarik.

Bi hilabete daramate Gazan laguntza humanitariorik gabe, badira gosez hiltzen ari direnak, umeak batez ere. “Gedeonen gurdiak” iragartzearekin batera, Netanyahuk adierazi du laguntza sartzen utziko duela, batetik, armadak hori gomendatu diolako (zailagoa al da jende gosetua hiltzea?), eta, bestetik, aliatuek (Estatu Batuek, Europak eta abarrek) presio gehiegi egiten dutelako (presio gehiegi, benetan?). Baina laguntza ez da Nazio Batuen eskutik helduko, Estatu Batuetako segurtasun-enpresa pribatuen eskutik baizik, Gazako hegoaldeko toki gutxi batzuetan eta Israelgo armadaren zaintzapean. Ankerkeriak ez du mugarik.

Bien bitartean, Europak Israelgo estatuarekin negozioak egiten segitzen du, salerosketan (armak, jakina, baina begiratu al duzu nondik datozen datil gozo horiek?) zein Eurovisionen. Kezkatuta omen daude europar txatxu batzuk abesti txatxuen lehiaketa txatxu horretan telebozak direla eta. Inozokeriak ez du mugarik. Zer ez luke egingo bere aldeko propaganda zabaltzeko Pegasus espioitza sistema asmatu zuenak edota milaka pertsona-bilagailu leherrarazteko gai izan zenak?