Ingelesezko akronimoa da FOMO. Fear of Missing Out-en laburdura. Kanpoan gelditzearen beldurra esan nahi du: sarrerarik gabe, planik gabe, punta puntakotzat jotzen dugun esperientziaren bat bizi gabe... Hala azaldu digute psikologian adituak direnek. Gure bizitzek sekulako abiadura hartu dutela plataforma digitalak sortu zirenetik. Dena gaur eta orain planifikatzeko aukera ireki zigutenetik. Gaur planifikatzen dugula biharkoa, etzikoa eta etzidamukoa ere.
Bazen Media Markt-en publizitate iragarki bat “Ni ez naiz tontoa” esaten zuena. Hau da, iragarleak eskaintzen zituen prezioei ezin zitzaiela bizkarra eman iradokitzen zuena. Iragarki harekin garai berri batean sartu ginen, batbatean. Eskaintzen zaigunari ezetz esan ezin zaionekoan, alegia. Bestela, badakizu: inozoa zara.
Eta inozoa ez izatearen sindromeak harrapatu gaitu. Edozer, sozialki inozo gisa agertzea baino.
Emaitza da, tentsioan bizi garela, berehalakotasuna eskatzen dugula eta ez garela oraina bizitzeko gai. Gero, bihar, eta datorren urtean, ez garela inozoak izango pentsatzeak asetzen gaitu, edo. Hau da, ez garela planik gabe geldituko jakiteak, eta ez dugula behar baino gehiago ordainduko sinisteak. Zentzu horretan etxeko lanak eginda izateak lasaitzen gaitu, edo. Gure lagunei, lankideei, familiakideei, etorkizuneko planak kontatzeak. Bizkor ibili garela adierazteak. Argiak garela erakusteak.
Aspaldion, argitasun ezari egiten diote erreferentzia politikariek ere. Harria baino inozoagoa dela Springsteen esan du Donald Trump AEBetako presidenteak, abeslariak, Trump-en administrazioaren ustelkeria salatu ostean. Presidenteak erabilitako deskalifikazioak ez dauka zerikusirik salaketarekin, ez eta abeslariaren profesioarekin. Baina inozoa izatea da “azkena”. Inozotzat har zaitzaten, bada, kontra indarra.
Inozoen zerrendan ez sartzea da gu guztion egitekoa. Erakusten duena etorkizunean gozatuko dugula eta, horretarako, gaur ordaindu dugula. Hori bai, ahalik eta merkeen. Ni ez bainaiz, inola ere, inozoa.