Gu ez garena da bestea. Guk bezala pentsatzen ez duena da bestea. Guk jaten dugun moduan jaten ez duena da bestea. Gu bezala janzten ez dena da bestea. Geure burua orrazten dugun bezala bere burua orrazten ez duena da bestea. Gure ingurukoa ez dena da bestea. Gure sinesmenak ez dituena da bestea. Gure fedea ez duena da bestea. Gure hizkuntza ez beste batean berba egiten duena da bestea. Guk objektu bihur dezakeguna da bestea. Guk ezer sentitu barik sufritzen ikusten duguna da bestea.

Guk bestea nahita, jakinaren gainean, epaitzen dugunean, guk ontzat hartzen ditugun irizpideen arabera juzgatzen dugu bestea. Guk badakigu geure irizpideak hobeak direla bestearenak baino. Besteak moldatu behar du bere jokaera geurearen arabera guk bestearen jokaera errazago onartzeko. Besteak aldatu behar du janzteko modua guk bestearen janzkera samurrago ikusteko. Besteak aldatu behar du orrazteko modua guk bestearen orrazkera onesteko. Besteak aldatu behar ditu sinesmenak guk bestearen sinesmenak ametitu ahal ditzagun. Besteak aldatu behar du hizkuntza guk bestearen hizkera-molde berria har dezagun. Hori guztia jakinaren gainean eginda.

Askozaz bortitzagoa da guk bestea konturatu barik epaitzen dugunean. Zergatik? Ez garelako epaitzen ari garenik konturatzen. Gure irizpideak ez dira gureak, unibertsalak dira. Irizpideok onak dira ororentzat. Horrenbesterekin, irizpide horiek onartu nahi ez dituena ez dago ondo burutik, eta psikiatrikora bidaltzen dugu, baldin eta bestea gure artean bizi bada. Gugandik urrun bizi bada bestea, maiseatu egiten dugu bestea: “banana-errepublika batean bizi da”; “edonor ipintzen du agintean”; “atzeratuta dabil”. Eta ez gara konturatzen ari bestea juzgatzen dugunik.

Betiere, bestearentzat gu gara bestea. Besteak gu epaitzen gaitu guk bestea epaitzen dugun modu beretan: konturatuta eta konturatzeke. Guk bestea epaitzeko darabiltzagun irizpide berberak darabiltza besteak gu juzgatzeko. Geroenean, besteak ere gu objektu bihurtzen gaitu.