Síguenos en redes sociales:

Ezerezerako bidean goaz

Jose Antonio Labordeta Subiasek Aragoiri opatu zion abesti gogoangarriaren laugarren ahapaldian, honelaxe zioen: “Aspalditik hona / ezerezerako bidean goaz. / Bagoaz ikustera zelan doakigun Ebro erreka / zelan doan bere bakartasunarekin”. Etorkizun iluna aurreikusi zuen Zaragozako semeak bere herriarentzat. Denbora garrenean, zoritxarrez, bete-betean asmatu zuen. Geroaldi bertsua ikusten diot geure herriari aierurik txikienetik handienera.

ETBn Irabazi arte programa ikusten dugu alabak eta biok iluntzeko 9ak inguruan. Saioak gidoigile onak dituela esango nuke ostiraletik ostiralera grinatsu uzten baikaitu saioak… zer jazoko ote den. Hala ere, euskararen nolakotasunari erreparatzen badiogu, maila asko hobetu daitekeela esan dezakegu. Ez naiz amen-omenka ari, ez nabil inoren esanetik. Nik neuk neure belarriez entzundako aleak ekarriko ditut. Garbizale iritziko didate askok, baina neurrian dihardudala uste dut.

Apirilaren 4ko saioan, hara non neska batek badiotson beste bati: “Olatzengatik maiteminduta nago”. Jakina, hori euskaraz ulertuko badugu, gaztelaniaz jakin behar da, bestela, euskal erregistro hutsetik ezin uler baitaiteke zuzen. Neskak esan nahi zuen Olatzekin maiteminduta zegoela. Bestela, euskaraz esan dena (ez, beharbada, esan nahi izan dena) hauxe da: hiztuna baten batekin maiteminduta dago Olatz dela zio. “Txikikeriak”, esango du baten batek. “Izari txikiko kontuak”, beste norbaitek.

Eta horrelaxe goaz ezerezerako bidean. Gure nortasunaren ezaugarriak geroago eta usteltzenago doaz; gero eta zeden gehiagok janda daude gu euskaldun egiten gaituzten bereizgarriak. “Nahi duzu” barik, “nahi” esaten da modernoagoak garelakoan, eta aditz laguntzailea jan egiten dute saioz saio ezein arazo barik. Non daude ETBko hizkuntza-arduradunak? Batek badaki. Ebro bakarrik doa Aragoitik Kataluniara; bien bitartean, euskara ere desagertzen doa guretik erdaren moldeetara… azkenean, hizkuntzotara. Horrexegatik goaz gu ezerezerako bidean.