Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Ana Urkiza

Datua

Aurreko astean, Eusko Ikaskuntzak Nafarroako Gobernuko Euskarabidea institutuarekin duen lankidetza hitzarmenari esker garatutako ikerlan zientifikoaren emaitzak eman zituzten Xabier Erize eta Carlos Vilches zuzendari zientifikoek. Eta komunikabide gehientsuenek lerro burura eraman duten datuak harrapatu gaitu: nafarren % 63a euskara sustatzearen alde edo oso alde agertu dela. Baina datu horri lagundu dioten beste hainbat ere oso kontuan hartzekoak dira: % 62,8ak uste du haurrentzako euskarazko kultur jarduera gehiago antolatu beharko liratekeela, edota % 75ak erantzun duela euskara ikasteak aukerakoa izan beharko lukeela.

Besterik uste izan genezakeen alderdi politiko hainbaten argudioak entzunda edota zenbait azterketa soziolinguistikoren emaitzak ezagutu ostean. Baina Eusko Ikaskuntzak ikerketa berri bat planteatu zuen duela hiru urte: azterketa kualitatibo batetik abiatuko zen azterketa kuantitatibo batera egingo zen jauzi. Iritzietatik diskurtsoak aztertzera. Eta Nafarroako biztanleria osoa hartuko zen kontuan, euskara ezagutzen duten eta ezagutzen ez dutenak, adin, genero eta jatorri ezberdinetako pertsonak, eta euskararekiko hurbiltasun maila askotarikoak dituztenak. Galderak ere, egungo errealitateari egokitutakoak izango ziratekeen.

Eta erantzunak harrigarriak izan dira. Iritzi artikulu bat baino gehiagotan irakurri ahal izan dugu Nafarroa asko aldatu dela azken hamarkadan. Ikerketa lanean erabilitako metodologia eta hurbilketa moduak ere izango zuen jasotako emaitzetan eraginik. Edonola ere, argi dagoena da, ikerlanak Nafarroan euskaren ezagutza eta erabilera sustatzeko dauden jarrerak ezagutarazi dituela eta etorkizunera begira egin daitekeen bidearen norantza erakutsi duela. Agerian utzi duen legetxe, identitate ezberdinak errespetatuz gero, hizkuntza bat ez dela sekula gizartea zatitzeko elementua, baizik eta integraziorako bidea.

Txalogarriena izan da, halaber, euskara sustatzearen kontrakoen argudioak erabat indarge utzi izana. Behingoz.