Egia esan, beste askoren sentimenduarekin bat etorrita, kokoteraino nago sei hilean behin egiten dugun ordutegi-aldaketa madarikatu horrekin. Bai, abroziduta naukate, eta nazka-nazka eginda ere bai.
Urteroko zurrumurrua hedatzen da orduaren aldaketa gertatu behar denean: azkena izango dela, gobernua ikertzen ari dela benetan onena den ala ez, gero eta jende gehiago badagoela horren kontra,… eta abar, eta abar. Baina kontua da, urtero, betiluntzen garela neguko argitasuna murrizten zaigunean, eta udaberrian, kopeta argitu egiten zaigula eguzkiaren printzen luzamenduarekin.
Orain ere nabaritu egin duzue, ezta? Arratsaldeak potolotu egin zaizkigu, eta badirudi denbora gehiago dugula harat-honat ibiltzeko, korrika egiten ateratzeko, paseo luzeagoetan alderrai ibiltzeko, eta bedatsearen kolore berriekin gozamena hartzeko.
Kontu horretan ere ziklo zirkadianoek zeresan handia dute. Horietan, eta gure organismoan ere, eguneroko aldaketek eragin zuzena dute, eta horrexegatik gure metabolismoaren erritmoak errespetatu behar dira, bestela ondorio larriak gerta litezke, hala nola, insomnioa, antsietatea, depresioa, diabetesa, iktusa, …
Horretaz jabetu dira ikerlariak eta adituak, eta argia zabaltzen den orduekin bat datorren ordutegia edukitzea logikoena eta egokiena litzatekeela diote, modu horretan, gure erloju biologikoa eguzkiaren erritmora moldatuta legokeelako.
Gainera, ordu aldaketa dontsuaren oinarria funtsik gabekoa da, Franco diktadorearen garaitik datorrelako. Dakizuenez, gobernu frankistak Europako ordutegi harekin lotu zuen Espainia, Hitler naziarekin nolabaiteko kidetasuna adierazteko. Urteak iragan ziren, eta aldaketak bere horretan dirau (eta frankismoa aspalditik desagertu da, ezta?)
Bada, badirudi Europatik desagerrarazi nahi dutela ordu aldaketa hori betiko, osasunean eta ongizatean dituen inpaktu negatiboengatik, eta antza denez, energia-aurrezpenak ez omen direlako hainbesterainokoak.
Japonia da bere historian ordutegi-aldaketa hori kontuan hartu ez duen herrialde bakarra. Han, lasai bizi dira, ezta?