Maurice Ravel konpositorearen jaiotzaren 150. urteurrena ospatzen ari gara data hauetan. Euskal kazetari ezberdinek lan eskergarria egin dute musika klasikoko konpositore bikain honen inguruko zertzeladak azaltzeaz gain, bere musikaren ezaugarriak jakitera ematearekin. Deskubrimendu gisa jakitera eman dira bere hainbat datu biografiko eta, batez ere, Ziburu herriarekiko zuen lotura. Geure egin nahi geldiezin batek harrapatuta bezala idatzi dira hainbat eta hainbat lerro: etxean amak eta izebak euskaraz hitz egiten ziotela, zortzikoaren erritmoa zuela laket, edo 1892ko Donibane Lohizuneko festetako diskurtso amaieran “biba zazpiak bat!” oihukatu zuela, Euskl Herriko zazpi lurraldeen armarria aurkeztu zutenean.
Pasarte epikoak gustatzen zaizkigu eta epika hori elikatzen dituzten heroiak gure egitea. Nik neuk ere oso maite dut horrelakoak deskubritzea. Baita biografietan usu agertzen ez diren bestelako gaiak ere. Adibidez, Parisen bere lanaren inguruko kritiketatik, gustokoak ez zituen eskaeretatik edo musikaren gaineko eztabaida antzuetatik atera beharra sentitzen zuenean, Ziburun aurkitzen zuela bakea eta berriro bere buruaz eta munduaz baketzeko tenorea.
Izenburura eraman dudan esaldiak ere biziki harrapatu nau. Gaixotasun neurologiko batek harrapatuta, bere azken hilabeteak balkoi aurrean eserita eman omen zituen, geldi-geldi, paisaiari begira. Eta zer egiten zuen galdetu ziotenean, “zain nago” erantzun omen zuen.
Zein ederra behar duen zain egoteak, dakizunean zer egin duzun, dakizunean erroak non dituzun, dakizunean zure lana aitortua dela. Zein ederra, bere bakean, bizitzari joaten uztea.
Aldarrikatzen dut, ibilbide bateko sortzaile guztiek izan beharko luketela beren lanaren tamaina ezagutu ahal izateko aukera. Beren herrian aitortuak izatekoa, herri honetakoak izan edo sentitu baldin badira, herri honen izaera aberastu badute, herri honetako herritarren gogoa piztu badute.
Aldarrikatzen dut “zain egotea” sortzailearen hautua izan dadila, bitartean, herritarrek eta erakunde publikoek aitortzaz jantzi behar dutena.