2005-2009 garaitan Juan Jose Ibarretxeren Gobernuko kide izatearen ohore itzela izan nuen Nuria López de Güereñu kontseilariaren kabinete buru gisa eta baita 2012-2016 bitartean Iñigo Urkulluren Gobernuko kide izatearen ohore ikaragarria ere Cristina Uriarte kabinete buru bezala. Abertzale apartak, konpromisodunak, gizon zein emakume. Oroitzapenak oroitzapen. Duela 5 egun, hilaren 26an, aurreko igandean, Iñígo Urkullu Lehendakariak eta Arriaga Antzokian jaso zuen, besteak beste, Sabino Arana Fundazioaren saria. Merezitakoa eta zirraragarria, niretzat behintzat. Hitza hartu zuen. Bere adierazpenetako batzuk aukeratu ditut: “Hamarkada bat baino gehiagoz lehendakariaren makila eduki izanagatik pribilegiatua sentitu naiz. Benetako ohore bidelagun izan nauten pertsona guztiekin, auzolanean eta lankidetzan urte hauetan zehar herrialdea gidatzeko ardura izan dugunokin. Euskadi aurreratuago eta justuago bat uzteko. Autogobernua defendatzeko lan sakona egin dugu. Egunoroko politikaren zentzurik jatorrenean, etikoenean eta erabilgarrienean. Ohore bat izan da gizartearen alde eta onerako aritzea. Jarraitu beharreko norabidea ibilbide osoan zehar pertsonekiko konpromisoarekin markatuta egon da beti. Euskal gizarteak jasandako egoera zailetatik erantzuteko eta sendoago ateratzeko gai izan da indartuz gizarte kohesioan, ekonomia eta industria jardueran. Gure zerbitzu publikoak hobetzen jarraitzeko konpromisoan, inor atzean ez uzteko helburuarekin aritu gara buru belarri. Nire euskal nazionalismoa humanista, kosmopolita, abertzale, demokratikoa, solidarioa eta Europaren aldekoa izan da. Gure jarduna une honetan munduan sortzen diren muturreko joeren eta demokrazi parlamentarioek duten benetako arriskutik haratago. Ongi izatearen eta gizartearen defentsa egin dut beti”. Eskerrik asko beraz Iñigo Urkullu lehendakaria. Ohorea ohore. Zintzotasuna zintzotasun. Leialtasuna leialtasun Saiatzen denari, nahiz eta tupusteko hutsak izan, esker onena. Beti. Ez adiorik. Bedi. Bejondeizula, Iñigo.