Orain dela hilabete gutxi gora behera, aurreko abenduaren hirugarren asteburuan hain zuzen Gipuzkoako Bertsolarien txapelketaren finala ikusi, entzun eta dastatzeko aukera paregabea izan nuen. Etxeko telebista aurrean nintzen. Arretaz, gogotsu, gustura, pozik eta alai. Alaitasuna nuen barnearen barnean. Giro alaia. Alaia bai Belodromoan, alaia etxean. Lau bilobak inguruan nituen Noa, Natale, Eki eta Kai. 12, 10, 4 eta 2 urteko nexka-mutikoak. Guztiok alai. Ni neu, aitona Joxe, telebistari adi. Bertsolari batzuk ezaguna, oso, beste batzuk ez hainbeste, bat adiskide baten semea, beste bertsolari baten semea. Gustura eta alai. Halakoan Alaia Martín oholtzan, Ganbarako gaia: “Kazetariaren tokitik oilo ipurdia sortu zizun gai bati buruz aritu behar”. Alai bertsotan hasi da. Eta halako batean nire biloba zaharrenak, 12 urteko Noak: “Aitona Joxe, negarrez ari zara, zergatik aitona?”. Ezin erantzun nahiz eta arrazoia izan Noak. Ezin erantzun eta etxeko sukaldera abiatu nintzen negarra bakardadean lasai egin ahal izateko. Sukalde beretik Euzkitze adiskideari mezu bidali nion telefonoz, urduri eta nire burua lasaitu nahi eta beharrean: Xabier, negarrez ari nauk, bidali arren eta mesedez mezu hau Alaiari: “Alaia, Jose Manuel Bujanda naiz, zu entzutean negarrari ekin diot. 1975ko otsailean polizi frankistek atxilotu ninduten Irunean eta Gobernu Zibileko ziegetan torturatua izan nintzen gupidarik gabe. 71 urte ditut eta nahiz eta 50 urte igaro zuri entzutea torturatu bati buruz arituz barrua guztiz astindu, inarrosi eta mugitu zait. Alaia, bihotzez, eskerrik asko. Mundu honetan nagoen bitartean ezin ezabatu infernu hura”. Nola esan eta adierazi 12 urteko Noa bilobari zergatik bere aitona Joxe malkotan telebistari begira. Nola esan, adierazi, zer, noiz, non, zergatik, zertarako, nolako hitzez? Sarri neuri buruari galdetutakoak, duda-mudak eta zalantzak. Baina arratsalde hartan erantzuna jaso nuen alai: Alaiarentzat egin behar latz hori. Bertsoak erabil ditzala. Biba zu, Alaia.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
