Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Ana Urkiza

Gaiztoak izanda ere

Gaur, Errege eguna. Guretzat, ikastolara bueltatu aurreko eguna izaten zen. Opariak Olentzerok ekartzen zizkigun. Natibitate egunean irekitzen. Olentzeroren astoari utzitako azenarioak hozka eginda topatzen genituen biharamunean. Kontentu gu.

Erregeak, ostera, Jesus haurtxoari bisitan joan zitzaizkion handikiak ziren. Ez genekien urrea, mirra eta intsentsua zer ziren. Ezin ulertu, beraz, opari haien zentzua. Opariak erregetan jasotzen zituzten umeek guk baino opari ederragoak jasotzen zituzten susmoa izaten genuen, hala ere. Erregeek ekarritako opariak menditik jaisten zen gizonttoak ekarritakoak baino ikusgarriagoak zirela. Bai, bederen, formetan. Batak abarkak oinetan, besteek koroa buruan.

Gure izaera horixe zela esan ziguten. Umila. Baina erroduna. Erro bereziak dituen herri batena. 

Baina, ez urte askotara, hasi ziren ume batzuk opariak Olentzero eta Erregeengandik jasotzen. Bi tradizioen aurrean men egiten. Aitona-amonak zirela esaten zen. Beren umetako tradizioa berreskuratu nahi zutela eta, gurasoak zirela Olentzero eta aitona-amonak erregeak. Eta umeek isiltasuna kudeatzen ikasi zuten. Opariak eskuratzeko ikasten, onartzen eta ezkutatzen den lehen gezur handiaren aurrean, mutu. Opariak erregetan ere jasotzen zituzten umeek guk baino opari gehiago jasotzen zituzten susmoa izaten hasi ginen. Nork jakin. Beharbada, urtean zehar, guk baino meritu gehiago bilduko zituzten. Edo beraien gurasoek eta aitona-amonek gehiago maiteko zituzten. Edo maitasuna erakusteko bide materialistagoa zuketen… Gaur, irakurri berri dut, Errege batzuek altzoan hartu dituzten umeei esan dietela, gaiztoak izan badira ere, opariak berdin-berdin jasoko dituztela.

Gaiztoak izanda ere opariak jasotzen dituzten umeek, bada, bestelako meritu batzuk egingo ote zituzten galdetzera naramate. Edo umeak ezezik, gurasoak ote diren gakoa. Beharbada, gurasoek eta aitona-amonek opariak egin beharra dutela. Gizarte berriaren erregelen menpe. Bestelako zentzurik gabe. 

Umeek mutu darraite. Badaezpada ere.