Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

Erabaki zailak

Bizitzako erabaki zailenak ez dira ongiaren eta gaizkiaren artekoak, horiek errazak dira; zailak justiziaren eta erosotasunaren artean aukeratu behar duzunean etortzen dira; egiaren eta egonkortasunaren artean aukeratu behar denean sortzen dira zailtasunak. Norberaren zuzentzaren norabidea jartzen da arriskuan horrelako eretietan. Norabide hori okertzen bada behin, gaitz da gero norabide okertu hori zuzentzea. Asteon izan dugu hori erakusten digun ale argigarri bat.

Kontatzen da ezen frankismoaren garairik ilunetan idazle espainiar ospetsu baten hileta-elizkizunetara joan zirela José María Valverde eta Camilo José Cela. Elizkizunak hasi zirenean, Cela elizatik kanpo geratu zen, eta elizkizunon amaieran José María Valverde ikusi zuen elizatik irteten. Hartan-horretan, Celak Valverderi esan zion: “Ez nekien, On José María, berori katolikoa zenik”. Bat-batekoa izan zen José María Valverderen erantzuna: “Eta kristaua ere bai, On Camilo, askozaz gaitzagoa dena”.

On Migel Unamuno eta Jugok “Bizitzaren sentimendu tragikoaz” liburu ahaztezinean esan zuen legez, katolikotasunak erlijioa teologia bihurtu zuen. Nik, katoliko ortodoxoa izanik, onartu behar dut bilbotar unibertsala zuzen zebilela. Izan ere, askozaz erabaki errazagoak dira lehendaurrez ezarritako paradigma jakin batzuen arabera bideratzen badira erabakiok. Hala ere, ebazpen horiek, errazak izanagatik, ez dute zertan zuzenak izan; egitez, gehien-gehienetan ez dira zuzenak, baina, gizartearen iritzi nagusiaren araberakoak direnez gero, egonkortasuna aldezten da, eta egonkortasun hori ‘egia’ eta ‘zuzen’ bihurtzen da.

Horixe jazotzen da bidaiderik gabeko adingabeekin. Erraza da atzerritarrik nahi dugun ala ez erabakitzea, nork bere ikuspegitik; hala ere, baietz erantzun eta gero, askozaz zailagoa da erabakitzea nork bidaiderik gabeko zenbat adingaberen ardura hartu nahi duen. Erabaki hori hartzeak norabide zuzenean jarriko gaitu ala okerrekoan. Gure geroaren patua ebazpen horretan datza.