Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Urte berria

Urte zaharra joan da eta hemen dugu jaioberria. Ez dakigu nola datorren, zein asmo izango duen, zein sorpresa ekarriko digun, zein bake edota laborri mota sortuko duen.

Aurrekoak, joan denak, horrelako asko banatu zituen munduan barrena, bai eta Euskal Herrian ere. Israelek herri palestinarraren kontra burutzen duen genozidioak ez du amaierarik izango urte berri honen hasierako egunetan. Eta inguruko herrietan, Sirian, Yemen, edota Libanon egoera kaskarturik bizi dute bertako biztanleek, eta hodeiertz urdin batean ez da konponbidearen zantzurik ikusten.

Mundu bazter horretan sortu den gerratea indartuz eta puztuz joan da asterik aste, eta politikatik, ekonomiatik eta gizartetik gertu dagoen arazo-mataza nekez askatuko da, jendearen sufrikario gruteskoa handituz. Gainera, kanpoko herrialde boteretsu ezagunen interesek ere ez diote bakeari arnasa hartzen uzten, eta horrek ez du tunelaren amaierako argia ikusten erraztuko. Beste aldetik, Errusiak 2022an egindako inbasioak aurrera darrai, eta kronifikaturik dagoela ematen du, ez baita bi aldeen arteko elkarrizketarik, ez eta akordiorik ere herrialde horietako soldatu eta pertsona gehiago ez hiltzeko. Denok dakigu gerra hori luzatuz gero Europa osoa arrisku bizian egon litekeela, herrialde anitzetako mandatariek bakerako inbertsioak egin beharrean, arma-industriarako egin baitute. Gerrak gerrari deitzen dio.

Gertuago, beste arazo eta kontu katramilatsu batzuek ilundu dute gure orainaldia, bai eta joan den urte osoa ere. Irakurri dudanez bost mila eraso matxista salatu ziren 2024an, aurreko urtean baino kopuru handiagoa. Eta gainera, indarkeria matxistagatik sei emakume hil zituzten Euskal Herrian. Baina dena aldatzen ari da, lotsa aldez aldatu da. Deigarria izan zen bortxaketaren kulturaren barruan kokaturiko Gisèle Pelicoteren kasua, askoren pasibotasuna mugitu zuen auzia.

Hortaz, ea urte berri honetan, laborrizko gertaerak desagerrarazten ditugun elkarrekin, gizakia etikoagoa izan dadin, osterantzean, degenerazioaren konplizeak izango gara (beste behin).

Horrexegatik, Urte berri on!