Gauzak kenduko dizkiguten beldurrez bizi gara, gauzak galtzeko beldurrez. Bihotza lapurtuko diguten beldur gara, maite dugun norbait galtzeak izutu egiten gaitu, dirua galtzeak edo postu edo negozio bat galtzeak kezkatzen gaitu, lagun bat gutaz ahazteak bihotzean egiten digu min, prestigioa edo onarpen soziala galtzeak beldurtzen gaitu, osasuna edo autonomia galdu dezakegula pentsatzeak bakarrik dardarka jartzen gaitu… Gauzak kenduko dizkiguten edo galduko ditugun beldurrez bizi gara, baina gutxitan pentsatzen dugu badaudela hainbat gauza ezin dizkigutenak kendu arrazoi bategatik: norbaiti eman dizkiogulako jada. “Entregatzen duguna ezin zaigu inoiz kendu” idatzi du Anne Michaels idazle kanadarrak “Besarkada” eleberrian. Eta horrela da. Maite dugun pertsona bati eman genion besarkada ez digute inoiz kenduko; pazioz maite genituen haiei emandako musuek hor jarraituko dute, oroimenean bizirik, eta inork ez dizkigu lapurtuko; lagun bati une zail batean eskaini genion laguntza hor dago, bien arteko espazio konplize horretan bizirik, gure adiskidetasunaren aktibo gisa, gure loturaren hari gisa; hasi berri batengan inoiz jarri genuen konfiantza banaezina da gaur egun den pertsona horretatik eta gaur egun egiten dakienetik; beste pertsona batzuei irakatsi dieguna euren bizitzetan bizirik jarraituko duen hazia da, eta bidezkoa da pentsatzea haien baitan geratu dela gurea den zerbait. Entregatutakoa, beraz, ez digute inoiz kenduko. Kontrakoa ematen badu ere, ematea izan daiteke aberasteko modu bat, baita galerari diogun beldurra gutxitzeko modu bat. Ematen duguna besteen bizitzetan geratzen da. Hodeian dokumentu bat uztean bezala, ez dugu inoiz galduko nahiz eta ordenagailua galdu edo izorratu. Gauzak kenduko dizkiguten beldurrez igarotzen dugu bizitza, baina batzuetan horiek ematea da, hain zuen ere, irtenbidea. Behin emanda, beti geratuko direlako hor.
- Multimedia
- Servicios
- Participación