Barkatu, txarto idatzi dut izenburua. Beharbada, idazkera zuzenak “Mazón eta protokoloak” izan behar zuen. Ez dakit, bada. Valentziako Erkidegoko presidenteak ez du dimisiorik eman, protokoloak (ala ‘potrokoloak’?) txarto ei daudelako. Orduan, zertan ibili da karguaz jabetu denetik Dana azaldu arte? Berak edo haren taldekideek bazekiten protokoloak txarto eginda zeudela eta ez zuen ezer egin? Ala ez du potrorik eduki, euskara batu dotorean “adorerik izan” dimisioa emateko? Batek badaki.
Berrehunetaz hildako mahai gainean, mila milioika euro gaitz-kaltetan, ohiko egoera lekutan, eta Mazónek, oposizioan izan balitz, ezein zalantza barik, bera dagoen lekukoari dimisioa eskatuko ziokeenean legez, dimisioa eman beharrean, ‘potrokoloak’ aipatu ez ditu, bada! Lotsagabea, bai. Ez lotsagaldua, honek ez baitu sekula lotsarik izan! Berrehunetaz hildakoen ondorengoen mina aintzat hartu barik, bere ipurdiari eutsi nahi dio, ipurdi horrek betetzen duen besaulkia ez lagatzeagatik.
Politikaren gauzak dira horiek. Valentziako Erkidegoko Larrialdietako sailburu Salomé Pradas izango ei da hildakoak eta kalteak larrutik ordainduko dituena. Zein aurpegirekin eskatu ahal dio PPk PSOEri beste edozein erantzukizun politiko? Badakit haiei, batzuoi eta besteoi, ez diela kontu honek, baina… ituna, benetan, ikusi behar duguna! Higuingarria, nazkagarria, nardagarria, bihotz-galgarria! Horrelakoek gizakiongan daukadan itxaropena galtzera nakarte. Bide batez esanda, geroago eta txikiagoa daukadan itxaropena.
Mazón banintz, Dana jazo zen eguneko arratsaldean kazetari batekin jatetxe batean arratsaldeko 6ak arte bazkaltzen (bazkari luzea, bide batez esanda) egon banintz, dimisioa Interneten bidez emango nukeen handik segundo batera; baina ni ez naiz bera. Eta nor da bera? Nortzuk dira hildakoak, kaltedunak eta haien senitartekoak Mazónentzat? Zenbat euro balio du hildako bakoitzak? Edo, hobeto esanda, zenbat euroko kostua du hildako bakoitzak harentzat?