Hauteskundeak. Zalantza artikuluaren izenburuarekin. Baieztapen irmoa adierazten duena edo zalantzaren eremuari begiratu. Burutik pasa zitzaidan “ikusiko da” erabiltzea, ez baitu apusturik egiten, ezer baieztatzen. Aukera onuragarria deritzot aipatutakoa. Ikustear alor eta esparru askotxotan. Nago politikari buruz, orokorrean, inkognita askotxo ditugula eskuartean. Konplikatuena, diot, Espainiako politikan, Madrilen, Diputatuen Kongresuan, hau da, Espainiako Gorteetan, gertatzen ari den egoera benetan diabolikoa baita, gupidagabea alajaina. Sanchezek eutsiko al dio gobernuari? Eskuartean dituen oreka zailak mantentzeko gai izango? Ezin jakin. Baina, bestalde, jakin badakit, Espainiako politikaren ezaugarriak zinismoan, hipokresian eta kainismoan oinarritzen dela, zoritxarrez. Antipolitika nagusi, lotsagabeki. Beste aldetik gure Euskadin Podemosen eta Sumarren arteko dibortzioak, banantzeak (edo nahi duzun hitza erabili) amildegiaren ertzera eraman ditzake biak, gutxieneko indar politiko gisa desagertzera edo. Benetako autoprogramatutako suizidio baten antzera, arduragabekeri baten isla, eskorpioia eta igelaren fabula gogora. PSEren emaitzak ikusi beharko, ikustear oraingo posizioei eusten dien, ordezkaritza handitzen duen ala ez. Apirilaren 21eko hauteskundeetatik ateratzen den Eusko Jaurlaritza berriaren konfigurazioa neurri batean bere esku egongo ote?. Baina ez dut uste aliantza politiketan aldaketarik ikusiko dugunik gobernu berria gauzatzeko orduan. Ikustear baita Javier de Andrésen PPk Carlos Iturgaitzenenak baino emaitza hobeak dituen. Eta azkenik, ilusioa, eta agian tentsio punttua, azken unera arte jasan beharko dugu. Nola erabakiko EAJ eta EHBilduren arteko indar korrelazioa? Niretarren erronka, ardura eta apustua hauexek: erantzukizunez jokatu, herritarren onura eta ongizatearen alde borrokatu, emandako hitzari leial izan, norberaren pentsakerarekin bat egin, ez dutenganako begirunea, eta arazoak konpontzeko borondateari eutsi. Zorte on! Hala bedi bada!