On Migel Unamuno eta Jugo filosofo bilbotar unibertsalak Bizitzaren sentimendu tragikoaz liburu bikainean esan zuen legez, badira printzipio bi, gizakia eratzen dutenak: batasunarena eta jarraitutasunarena. Lehenengoari dagokionez, gizakia gizaki da espazioan, gorputzari esker, bai eta ekintzan eta asmoan ere. Hori ezinbestekoa da, eta, gizaki bat ibiltzen denean, hanka biek norabide berean jo behar dute, gizakia han izango bada.
Bigarren printzipioaren arabera, berriz, gizakiak jarraitu egiten du denboran. Badirau. Baliteke nor bera edo beste bat izatea hogei urte igaro eta gero, eta horren gainean eztabaida daiteke, alferrik izan arren; baina hau eztabaidaezina da: ni gaur naizena jaiotzatik hona nire gorputzak izan dituen kontzientzia-egoeren ondorioa da. Izan ere, gomuta norberaren nortasunaren oinarria da, tradizioa herri baten nortasun kolektiboaren oinarria den gisa. Gomutan eta gomutaz bizi gara, eta gure bizitza espirituala, gogoarena, gure gomutan irauteko duen ahalegina baino ez da, itxaropen izateko ahalegina, gure iraganak etorkizun bihurtzeko egiten duen ahalegina.
Zazpikaleetan jaiotako pentsalariak esan zuen legez, hori guztia garrasika ari den pellokeria bat baino ez da, baina urteak garrenean munduan zehar ibiliz gero konturatzen gara badirela pertsonak euren burua igartzen ez dutenak, eta beste bat izan nahi dutela esaten dutenak, euren burua ez sentitzearren. Eta Unamunok zioen berak ez zuela sekula ulertu zergatik nork ez duen bera izan nahi, eta beste bat izan. Jakina, beste bat izan nahi hori norbera izateari uztea da. Eta bazioen ezen berak ulertzen zuela nork beste baten aberastasunak nahi izatea, ez, ostera, nor bestea izatea.
Euskal Herria zenbait gizakik eratzen dugu, batasun- eta jarraitutasun-printzipioek eraginda… egundaino. Gaur egun, ostera, begitazio hau geroago eta sarriago datorkit burura: badihardugu gure izateari uzteko ahalegin suhar eta etengabean, betiere gure burua ezerezteko bidean.