Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, “anormala” normala ez dena edo ohikoa denetik aldentzen dena da. Definizio hori ekarri zidan gomutara asteon Zaldibarko San Andres parrokian ospatutako hileta-elizkizunetan abade meza-esaleak esandako esaldi batek. Izan ere, hildakoaren aldeko sermoian pasadizo hau kontatu zuen: “Lehengo egunean, pilota-partida baten ostean, kazetariak pilotariari esan zion oso apala eta umila zela hark egindako adierazpen batzuk esan eta gero. Segidan, pilotariak erantzun zion bera ez zela apala, ez umila, ezpada normala”.

Hala ere, abadea ez zen hor gelditu; honela jarraitu zuen: “Egia da, gaur egun errazagoa da santua izatea normala izatea baino”. Niri bat-batean irribarrea ezpaineratu zitzaidan. Beharbada, irribarrea ez da egokiena hileta-elizkizunetarako, baina poztu egin nintzen nik aspaldi darabildan kontua beste batzuek ere ikusten dutela konturatu nintzelako. Nire formulazioa askozaz zakarragoa da Zaldibarko abadearena baino: “Anormalez inguratuta gaude”. Zoritxarrez, gaur egun ohikoa denetik aldentzen direnek ohikoa “aparteko”, “ezohiko” bihurtu dute. Ona izatea ezohikoa da; txarra, berriz, ohikoa; maitekeria ohiko bihurtu da, maitasuna ezohikoa delarik, etab.

Teoriatik praktikara etorrita, jar dezagun adibide hau: gizarte-elkartasuna giza elkartasunaren aurkakoa da. Gizarteak egiten duenak gizakumea baztertzen du egitetik: gizakume bakoitzak beretik egin beharrekoa ez du egiten, ez du onik egiten, gizaldrak egiten duelako (edo duelakoan). Ohikoa dena ezohiko bihurtzen da; nork bere ondaretik eman beharrean (adibidez, igandeetako eskupekoa) Estatuari egozten diogu, eta hor geure konpromisoa betetzat hartzen dugu. Nik ez dut eskupekorik ematen, Administrazioak zerbitzuak dituelako hori egiteko. Horrelaxe desgizatu gara. Eta gizantza, giza itxura, badugu ere, geroago eta giza aztarren gutxiago geratzen da geure barruetan. Betiere, uste dugu badugula gizarte aurrerakoi eta elkartsua. Kaka zaharra!