Espainiako Gobernuak ez du beste gai garrantzitsuagorik esku artean (berbarako, zelan bermatu kaleko segurtasuna, zelan jaitsi defizit publikoa…), halandaze, lege bat onetsi nahi du lupar-lupemeen ogibidea desagerrarazteko. Moncloako apopiloak benetan sinesten du hori ala azalkeria hutsa da? Zer nahi du? Andrazkoen eta gizonezkoen gorputzen lepotik bizi direnen lanbidea hamaikagarren milurtekoan Lurreko gune ia ikusezin batean galaraztea? Zinez?
Ez diogu ezer ikasi Historiari? Ez ote gara gomutatzen zer jazo zen Estatu Batuetako Lege Lehorrarekin? Alkoholaren kontsumoa debekatu nahi izan zuen, baina xede hura erdietsi ordez lanbide berriak sortu zituen, guzti-guztiak legearen eremutik at. William Burroughs-i, haren garaian ezagun ziren droga guztiak dastatu zituenari, behin itaundu zioten ea zein zen konponketa drogen auzia ebazteko. Eta berak erantzun zuen drogaren ekuazioan ezinbesteko ezezagun bakarra drogazalea bera zela. Baldin eta baten bat droga hartzeko gogoz badago, drogen trafikoa ezin izango da amaitu.
Inor sexuaren truk dirua ordaintzeko prest badago, prostituzioak iraungo du; halaxe suertatu da milaka urtetan eta Lurreko herrialde guztietan. Andrazkoen eta gizonezkoen gorputzen lepotik bizi direnek, besteak beste, ordainpekoen segurtasuna babesten dute, haiek irabazten duten dirutik ateratzen dute euren bizimodua… Bai. Eta? Inork uste du, benetan, lege batek lanbide horren inguru guztiak desagerraraziko dituela? Zinez?
Bide batez, zein prostituzio-mota debekatu edo estutu nahi da? Gorputza saltzen dutenen jardunaren ingurumarikoena? Ez ote da zentzudunagoa prostituzioa legeztatzea, eta jarduera horretan dabiltzan eragile guztien jardun ekonomikoa beste edozein jardueratakoen maila berean jarri? Eta gogoaren eta lan-indarraren prostituzioa? Eta edonorekin ezkontzeko prest dagoena etorkizun aberats baten truk? Azkenik, prostituzioa ez da andrazkoen kontu berezia, gizonezkoena ere bada. Ala azkenok ikusezinak dira?