Michael J. Sandel filosofo estatubatuarrak esaten du aitatasuna eta amatasuna apaltasun eskola direla. Bere ustez, guraso izateak umilago egiten gaitu, onartu behar dugulako seme-alaben gaineko gure kontrol-gaitasuna mugatua dela, ezin ditugula nahi bezala moldatu. Dioenez, gure ondorengoak nolakoak izango diren aurreikusteko ezintasun horretan datza, hein handi batean, haiekiko sentitzen dugun baldintzarik gabeko maitasuna. Harvardeko katedradunaren esanetan, beharrezkoa da seme-alabak moldatzearen eta diren bezalakoak onartzearen aldeko tentsioa existitzea, alde batetik, hazteko laguntza behar dutelako, baina, aldi berean, soilik kontenplatuak izateko beharra ere badutelako, maitatuak izatekoak guretzat nahikoa indartsu, adimentsu edo eder diren axola gabe. Suposatzen dut Sandelek seme-alabei buruz diona, bakoitzak bere buruarekin duen harremanerako ere balio duela. Izan ere, ondo legoke ispiluaren aurrean onartzea gertatzen zaigun guztia eta garen guztia ezin dugula kontrolatu, dena ez dela planifikatu ditzakegun faktoreen emaitza. Agian batzuetan geure buruari begiratzen ikastea falta zaigu, besterik gabe, onartuz ondo dagoela izan nahi dugun bezalakoa izaten saiatzea, baina, aldi berean, gure izaera ezin dela guztiz aurreikusi, ezin dela guztiz kontrolatu. Ez garela ikusten dugun emaitzaren arduradun bakarrak. Batez ere, kontuan hartzen badugu, beste pertsona batzuekin ditugun harremanen emaitza ere bagarela. Geuk egiten dugula geure burua, baina besteek ere egiten gaituztela. Horregatik, Sandelek esaten duenean apaltasunez onartu behar dugula gure seme-alabak diren bezalakoak, nik apaltasunari erantsiko nioke baita harrotasuna, haien nortasunaren, izaeraren, jakinduriaren izpi bat ere ondare bezala jaso dutelako baldintzarik gabe maite dituzten horiengandik. Apaltasunez eta, aldi berean, harrotasunez begiratzen dieten horiengandik.
- Multimedia
- Servicios
- Participación