Larunbatean, hausnarketa egunean, aitarekin izan nintzen pasieran eta aitak ezin izan zuen gaia ekidin, gustatu egiten baitzaio: kanpainan ikusi duenaz hitz egitea. Aipatu zidan lehenbiziko kontua, propaganda kopurua izan zen. Etxera ez zaiola ia-ia ezer heldu. Bozkatzeko papera bakarrik. Lehen papera eta papera besterik ez zuela jasotzen eta kalean ere, hormetan, apenas itsatsi dela kartelik. Ez, behintzat, kolaz bazterrak zikintzekorik. Horrekin ados agertu zen.

Gero, behatz erakuslea gora igo eta jakitera eman zidan aurreikuspenen arabera bozka gutxien jasoko zituzten lehendakarigaiak emakumezkoak izan direla edo, beste modu batera esanda, pisua duten alderdietako hautagaiak gizonezkoak. Eta behatz erakusleari ezkerrera eta eskuinera eragin zion, hori ez dagoela ondo adieraziz bezala.

Ondoren, gehienek ere, burutu ezin diren gauzen promesak egin dituztela gogoratu zuen, egin behar dena, bere esanetan, lana denean. Esfortzuaren kultura izugarri lautu dela kexatu zitzaidan. Eta hiru adibide jarri zizkidan: bata, medikuena. MIR plazak esleitu diren honetan, familia-medikuen plazak betetzeko arazoak izateak erakusten omen du nor bere onenaren bila gabiltzala. Gizarteak dituen arazoei “beste batzuk” erantzun beharko dien esperantzan edo. Bestea, enpresari berrien kopurua. Ekintzaile izatea, gurean, ez dagoela ondo ikusia zioen. Oso zail jartzen zaiela. Halaber, langilearen jarrera ere, oro har, norbanakoaren egoera hobetzearena dela, gizartearenaren gainetik. Eta hirugarrenik, ordurako Ondarroako portuan zehar ari ginen oinez, hemen jai daukagu, errepikatzen zidan, itsasoan ez du inork lan egin nahi.

Hautagaiek ondo hitz egiten dutela onartzen zidan, batzuk beste batzuk baino hobeto, ñabardura eginez, ikasiak direla, prestatuta daudela. Baina pixka bat magoak iruditu zaizkiola, txapelean untxi zuria dutela sinetsarazi nahian bezala.

Bizitzak erakutsi digu untxiarena ilusio bat baizik ez dela, ziostan aitak. Tranpa dela egia dirudiena. Eta, untxiak untxi, astelehenean, lanean jarri beharra dagoela. Bizitzak aurrera egin dezan.