"ETA esnatu zenean herensugeak han jarraitzen zuen”. Zoritxarrez dena errepikatu egin da Galizian. Galiziako Alderdi Popularra txapeldun atera da berriz bertan egin diren hauteskundeetan. Kanpotik ikusita, talde progresisten olatuaren energia sumatzen zen, bai eta haien aldaketarako ilusioa ere, baina badirudi bertakoen dinamika politiko pasiboak irabazi duela berriz. Irratian entzun nion hango biztanle bati serio demonio esanez: “Denak berdin jarraitu behar du”, eta frankismoaren garaia etorri zitzaidan akordura. Badakizue, batzuetan denak aldatu behar du denak berdin segitzeko. Bada, penintsularen mutur hartan ez dago aldaketarik, eta denak berdin segituko du.

Halarik ere, aire berria arnastu da hantxe azken egunetan, eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarra izan da horren erantzulea. Alderdi horrek etorkizun ederra du aurretik, eta ez du etsiko politika desberdin bat lortu arte. Zorionez, hiru letra dituen alderdi ultraeskuindar infekzioso horrek ez du ezer ere lortu, eta kanpoan gelditu da. Beraz, dena berdin,… bai eta ez.

Galiziako elementu propagandistikoek bestelako arazoak tragatu dituzte, eta duela aste batzuk albiste ziren garrantzizko kontuak erabat desagertu dira gure egunerokotasunetik.

Gogoan duzue nola abenduaren hasierako egunetan Toconao merkantzia-ontziak plastikozko pinportatxo batzuk (tona batzuk) itsasoan isuri zituen? Galiziako kostalde osoa erabat kutsaturik agertu zen, eta kutsadura hura inguruko kostaldera iritsiko ote zen beldurrez, huraxe kontrolatzeko hainbat mekanismo aktibatu ziren. Bada, arazoa disolbatu egin da. Bertako hainbat elkarte ekologistak salatu egin dituzte Galiziako Xuntaren pasibotasuna eta inkoherentzia ingurumen-krisi handi bat izan daitekeenaren aurrean.

Honantz etorrita, Eusko Jaurlaritzak hainbat neurri proposatu zituen, baina ez dakigu horiek aurrera eraman diren, edota garbiketa sakon bat egin ote den. Mikroplastikoen mundua gero eta alarma handiagoa sortzen ari da, eta ez da bromarako gaia. Bolatxo horiek iceberg baten zati txikia baino ez dira.