Pasa den larunbatean, Eusko Ikaskuntzak Donibane Lohitzuneko udalarekin elkarlanean, urtero egin ohi duen Musika Sari banaketa antolatu zuen Peyuco Duhart kulturgunean. Bi sari eskaini zituen: ohorezko saria (ibilbide luzea txalotzeko) eta gaztea saria (bidea egiten laguntzeko). Aurtengoan, gaztea saria Maider Martineau artistarentzat izan da eta ohorezkoa, aldiz, Eñaut Etxamendirentzat (Ezterenzubi, Nafarroa Beherea, 1935).

Eñautek, saria jasotzean, bere bizitzaren errepasoa egin zuen, laburki. Zazpi neba-arreba izan zirela aipatu zuen eta bost, etxea utzi eta Kaliforniara joan zirela, artzain. Orduko gazteen ametsa huraxe omen zen: Kalifornia. Destainaz hitz egin zuen urrea poltsikoan etorriko zirela uste zuten gazte haien Euskal Herritik ihes egiteko beharraz. Berak, nekazaritza ingeniari ikasketak egin zituen eta baita ekonomia eta soziologiakoak ere eta bere bizitza, bai laborari eta bai irakasle gisa ere, bere lurraldearen garapenaren alde eman zuen.

Eñautek, triste bizi izan zela aitortu zuen; gaztez husten ari zen Euskal Herri batean, garatu ezinik behar zuen lurraldean. Bere golkorako sortzen zituen kantuak, partekatzeko eta bizi zuten egoera txit arrotzari aurre egiteko. Eta, behin, lagunartean kantatzen ari zirelarik konturatu zen, aurre aldean 200-300 lagun biltzen zitzaizkiela. Enbatako bileretan lortzen ez zuten bateratasuna.

Eta huraxe izan zen berak deitzen zuen abertzaleisme-a sustatzen hasteko bidea. Ana Intxausti izan zuen gogoan, hark bidea egiten lagundutakoa, eta Ez Dok Amairurekin plazaratutakoak, besteak beste.

Esker oneko agertu zen Eñaut, berak ez zuela kantari izatea espero gogoratzen zuelarik eta larunbatean ere, berak ez zuela halako ohorezko omenaldirik espero aitortuz, zeharo hunkituta.

Bihotzak berotzeko mitin baten aurrean geundekeela esango zukeen batek. Eñautena bezalako ibilbideak eta hizketaldiak beharko genituzkeela pentsatu nuen une batez. Bere elea, eguneratuta, litzatekeela gaur ere behar dugun izpiritua. Herritarrak erakartzeko eta konbentzitzeko indar eta argi berezkoa.