DENA gero eta garestiago dago. Gure soldatak ez dira gai hilaren amaierara arte ganoraz, gogotsu, bizirik heltzeko. Ez dugu fortunarik, eta xahutu egiten ditugu gure sosak inolako arrazoirik gabe, deskontrol onartezinean, eguneroko bizitza basikoan. Jatekoak, janztekoak, alokairuak, gasolina handik hona ibiltzeko, aisia eta kultura, liburuak... Ez dago denetarako, eta modu sinplean onartu dugu gure bizitzaren nondik norakoak zedarritu egin behar ditugula, murriztu gure “pribilegioak” (baldin eta baditugu).

Geuk gorriak ikusten ditugun bitartean eta surrealista dirudien arren, mundu bazterretan, badaude erabateko aberastasunean eta esne-mamitan bizi direnak. Gure planetan omen daude bost pertsona haluzinagarriak. Argian irakurritakoaren arabera hauek dira munduko aberatsenak: Jeff Bezos (Amazonen burua), Larry Elison (Oracle software enpresaren jabea) Warren Buffet (inbertsore eta espekulatzailea); Elon Musk (SpaceX eta X sare sozialaren jabea); eta Bernard Arnault (luxuzko artikuluen sektoreko enpresaria).

Horien aberastasuna 2020tik hona bikoiztu egin da. Oxfamek dituen datuek diote aberats horien dirutza egunean 2.700 milioi dolarreko erritmoan hazi dela. Bai, ondo irakurri: 2.700 milioi dolar egunero. Bada beste datu harrigarri bat: aberats horiek egunero milioi bat dolar gastatuko balute, 476 urte beharko lituzkete dirurik gabe lotzeko.

Munduaren banaketa lotsagarri horrek bestelako zenbakiak dakartza beti, eta ispiluaren infrentzuan bost mila milioi pertsona pobreago bizi dira gaur egun ere.

Beste buruzagi batzuk enpresa ikaragarri produktiboen jabe dira, edota banketxeetako presidente. Bankuek laster batean aurkeztuko dituzte beren mozkin errekorrak. 2023ko urteko zenbaketan 26.000 milioi poltsikoratu zituzten. Badirudi Europako Banku Zentralak interes tipoak igo dituela banketxeak aberasteko, zuri hipoteka igotzen zaizun bitartean. Argindarraren fakturak gora egingo du, baina Iberdrolari (3.637 milioiak 2023an) ez diogu zergaren bat jarriko, porrot egingo du bestela.

Guk ez dugu bizitzeko fortunarik. Haiek bai.