MENDIA Mahomarengana ez badoa, Mahoma mendira joango da. Esaldiak gure interesekoa den arazoren batean iniziatiba hartzeko (bere kabuz noiz gertatuko zain egon gabe) gomendioa dakar. Oraingo honetan, mendia Mahomarengana etorri da, eta bera ere pantailaren aurrean jarri da Mendi Film jaialdiaren film guztiak harriduraz ikusteko gogoz. Izan ere, joan den asteko barikutik abenduaren 17ra arte, abentura, eskalada, eta mendiko zinemarik onenaz gozatzeko aukera izango da Bilboko BBK Mendi Film zinemaldian.

Betiko legez, hasierako eguna izan ohi da hunkigarriena. Jaialdiaren irekiera saio hartan, Edurne Pasaban mendizaleak WOP Saria jaso zuen mendizaletasunaren balioak zabaltzen eta bultzatzen egindako lanagatik. Edurnek emakumeen lanaren aldeko aldarria luzatu zuen gero esanez, bizitzak berez muga asko jartzen dizkigula, hortaz, ez gure partetik gehiago jartzeko, eta amesten duzun horren atzetik segitzeko eta borrokatzeko. Bere aurretik beste pertsona entzutetsu batzuek ere jaso dute sari hori (Baltistan Fundazioa, Nives Meroi eta Romano Benet, Juanjo San Sebastián, Sir Chris Bonington edo Josep Manuel Anglada), giza-balioak bultzatzearren, tartean, hobetzeko gaitasuna, esfortzua eta talde-lana, fideltasuna eta baikortasuna aldaketak lortzeko... Wop fundazioa gaixotasun neurodegeneratiboen ikerketei buruzko dibulgazioa eta sentsibilizazioa bultzatzen ditu, eta hori lortzeko hainbat ekintza artistiko, sozial eta kultural antolatzen ditu, beti ere kaltetuen eta euren familien bizi-kalitatea hobetzeko, eta gaixotasun arraro horien ikerketan sakontzeko. Honengatik guztiarengatik, erabat hunkiturik izan zen munduan dauden hamalau mendirik altuenak zapaldu dituen alpinista gipuzkoarra.

Baina makina bat film erakusten duen jaialdia da Mendi Film. Eta zorionez horietarik asko, gero eta gehiago, euskaraz izaten dira. Aurten bertoko hamalau ikusgarri izango dira programazioan, eta horietatik sei euskaraz filmatutakoak dira. Euskara eta mendia eskutik lotuak, soka berak lotuak datoz.