Historia berretu egiten da gizakumeok hura ahazten dugunean. Varsoviako ghettoak 1940ko azarotik 1943ko maiatzera iraun zuen, 31 hilabete guztira. Tarte horretan, naziek han bakartu zituzten juduak, bai poloniarrak, bai Alemaniatik eta beste herrialde batzuetatik hara eroanikoak, 400.000 inguru ziren hasieran. Ghettoaren amaiera juduen matxinada (terrorismo-ekintza, nazien esanetan) batek ekarri zuen; matxinada (terrorismo-ekintza) horrek 1943ko apirilaren 19tik maiatzaren 16a arte iraun zuen.
31 hilabeteotan 400.000tik 50.000ra jaitsi zen biztanleria. Zenbakietara ekarrita, 11.290 judu hil zituzten naziek egunean, batez beste. Bada, Israelgo armadak hilabeteko bakartzearen ostean 10.000 bat palestinar akabatu ditu. Horrek esan nahi du Israelgo Gobernuko kideek eta haren armadako buruzagi eta soldaduek ezin hobeto ikasi dutela Alemaniako nazien buruzagien eta soldaduen irakasgaia.
Ez nago bat ere ados, areago, kontra nago, errudun eta biktima gisa Israel eta Palestina agertzearekin. Horrela jokatuz gero, onartu beharko genuke juduen genozidioa alemaniar guztiek egin zutela, eta, nire ustez behintzat, judu guztiek ez dute babesten Israelgo Gobernuak eta haren buru Benjamin Netanyahuk egiten diharduten genozidioa. Betiere, Hamasen Brigadak eta haren buruek egin zituzten bahiketa eta hilketek ez dute jaso palestinar guztien babesa.
Bien bitartean, diplomaziak itxurak egiten dihardu, hildako israeldar eta palestinarrek haien senideak eta lagunak bakarrik hunkitzen dituztelako. Hildako israeldarrak Israelgo agintariek modu lotsagarrian erabiltzen dituzte euren asmoen mesedetan; hildako palestinarrak berdin erabiltzen dituzte agintari palestinarrek euren asmoen mesedetan.
Itaun hauek egiten ditut: Hamasen Brigadak israeldar haiek bahitu eta erail ordez, zergatik ez zien eraso Benjamin Netanyahu eta haren gogaideei? Israelgo Gobernuak zergatik ez zien eraso Hamasen buruzagiei, palestinar arrunten aurka jo beharrean?