Pedro Sánchez bada Espainiako Erresumako Gobernuaren presidente. Horra heldu arte Zezenaren Larruko hedabide gehienek lan egin dute irteera politikoa galarazteko. Uste dut oraindik ere horretan dihardutela. Ez da beharrezkoa estatu totalitario batean egotea agintea benetan duenak informazioa eta desinformazioa berak nahi duen eran erabil ditzan. Joseph Goebbelsek estatu totalitario batean agintzen zuen gobernutik; azkenok, berriz, estatu demokratiko batean euren edo haien gogaideen helburu politiko totalitarioak jadesteko jardun dute lanean, baina haren printzipioak berdin-berdin erabili dituzte.
Goebbelsek 11 printzipio zituen informazioa komunikazio bihurtzeko, komunikazio bakarra berarena izateko, berak nahi zuen guztia egia bihurtzeko eta berak azpiratu nahi zituen etsai guztiak desagerrarazteko, bai eta herri bat osorik ere. Bada, horrela ikusi ahal izan dugu zelan jardun duten Espainia modu bakar batera uler daitekeela uste dutenen hedabideek Pedro Sánchezen eta Juntsen arteko akordioa gaitzesteko, horrela ikusi ahal izan dugu alemaniar nazi haren printzipio gehienak, guztiak ez esatearren, erabili dituztela. Ikus dezagun printzipio horietako lehenengoa.
Printzipio hori sinplifikazioaren eta etsai bakarrarena da. Printzipio horren bidez, helburu bi lortzen dira: alde batetik, ideia bakarra hartzen da, sinbolo bakarra da goiburua. Zein izan da ideia bakar hori? Bada, Pedro Sánchezek Espainia saldu diela independentistei berak agintean jarraitzearren. Hedabideok ez dute behin ere aipatu Pedro Sánchezek zeukan helburua politikoa zela, eta abagune politikoak eskainitako aukera erabili zuela Kataluniako prozesu demokratikoa galarazteko Kataluniako autonomia eten zutenean delitu politiko batengatik atxilotu eta erbesteratu zituztenak askatzeko.
Bestetik, etsaia etsai bakarra da, gizaki batera ekarri behar da, kasu honetan Pedro Sánchez bihurtu dute espainiar askoren etsai. Hortik estatu-kolpe edo pogrom batera oso tarte laburra dago.