Egunotan, Ondarroako erakusketa aretoan, “Ondarrutarrak” izeneko erakusketa dago ikusgai. Juan Fernandez Egiguren argazkilariaren lana da bertan jasotzen dena. Bere hitzetan, Ondarroako sortzaileen puzzle bat egituratu nahi izan du, herriari bere bizitzaren, kulturaren eta nortasunaren berri agertzeko bere herritarren bitartez. Aniztasunaren mapa aberatsa da bertan islatzen dena. Eremu ezberdinetan sortzaile diren pertsonak, emakume zein gizonezko, gazte eta edadeko, herrian zein herritik kanpo bizi direnak… guztien artean, kolore biziko herria irudikatzen dutelarik, zuri-beltzeko argazkietan.

Sortzeko ahalmena da, zalantzarik gabe, herri baten indarrik handiena eta herritarrak batzeko haririk finena. Sormenak amets egitera bultzatzen gaituelako eta kezkei zein arazoei aurre egiteko botika eskaintzen. Izan ere, botikari zapore ona ematen saiatzen den izpirituz janzten baita sormena, konturatu gabe barneratzen dugun edabe.

Tankera honetako erakusketa batean, bisitariak, argazkietan agertzen diren pertsonak ikusten ditu. Eta pertsona horiek adierazten eta ordezkatzen dutenaz konturatzen. Halako ezagutza, identifikazio eta aitortza prozesu bat barneratzen ditu. Izan ere, horretarako prestatzen dira erakusketak, edo elkarrizketak, edo memoriak, edo antologiak…

Agerira ateratzen den pertsona edo talde bakoitzaren atzean, ordea, beti dago ezkutuko esku bat (kasu honetan, begi bat). Erakutsi nahi diren pertsona horien balioa aztertu eta zaindu nahi izan dituenarena. Hori horrela, Ondarroako erakusketan, Juan Fernandez argazkilariaren argazkia falta dela esan nahi nuke, Ondarroako herria ortzadarraren kolorez janzten jakin duen sortzailearena.

Erreibindikatu nahi ditut elkarrizketen, aldizkarietako lehen orrietako argazkien, bilduma eta antologia egileen, erakusketen, hau da, besteen hitzak, eginak eta lekukotzak jasotzen dituzten ezkutuko esku guztien lana, eurak direlako aurpegi ezagunen lana balioan jartzen dutenak. Erreibindikatu nahi dut eskuzabaltasunez eta gerizpetik lan egiten duten guztien lana, eurei esker ikusten dugulako, gainontzekook, argia.