Horrela zioen On Migel Unamuno eta Jugo bilbotarraren libururik ezagunenetako batek. Bilbo karlistek inguratuta dago II. karlistaldian. Guduan egiteko adinean diren bilbotar karlistarik gehienak Bilbotik alde eginda daude liberalen aurka jarduteko eta Bilbo liberalon eskuetatik ateratzeko. Betiere, haien gurasoak, karlistak eurok ere, Bilbon gelditu dira, eta haien auzoko liberalekin bizi dira.
Bilboko karlistek itxaro dute laster hartuko dutela Bilbo; Bilboko liberalek, berriz, itxaro dute Bilbo berehala askatuko dutela eurendarrek. Eta horrela igarotzen da gudua haien begien aurrean. Bilbotarrek, bereziak izanik, ez hobeak, ez txarragoak, baina bai bereziak, Bilboko esparruan badihardute eguneangoari aurre egiten. Horretara, Bilboko orduko kanposantuko atean inork ez daki nork honela zioen kartel bat ipini zuen: “Sarrera debekatuta”. Handik igarotzean, bilbotar batek honela dio: “Ez digute onartzen hiltzeko dugun eskubide alienaezin eta preskribaezina ere”. Eta horrela joan zen urte hartako San Migel eguna, eta, hura bezala, gudu osoko egun guztiak ere.
On Migelek sortutako “nivola” horretan bizimoduaren berri ematen digu; berak esaten zuenez, badira eleberriak historiako liburuak baino historikoagoak direnak, eta badira historiako liburuak eleberriagoak direnak eleberriak eurak baino. Begitazio bera daukat israeldar eta palestinarren arteko guduan suertatzen ari denarekin.
Sinesten dut egun batean eleberri batek kontatuko digula egun israeldar eta palestinarren artean gertatzen ari dena. Sinesten dut egun albistegiek erakusten digutena eleberriagoa dela historia baino. Sinesten dut gezurra dela “irudi batek gehiago balio du mila berbak baino” esaldia, badakidalako jakin kamerak ez direla objektiboak edo alderdigabeak. Sinesten dut pertsonen bizia ez dela agintea dutenen helburua. Sinesten dut gudu-gatazka hau eta beste edozein gatazka ebazteko ardura dutenen interesetan ez dela sartzen pertsonen eskubideak, tartean bizia, zaintzea.