AURREKO astean nioen Mabel Cenizo laguna dudala. Gipuzkoako Caritas-eko Boluntariotza eta Eragin arloko arduraduna. Urriaren 1ean hainbat egunkaritan artikulu interesgarria argitaratu du. Caritas Gipuzkoako boluntarioa naizenez arreta oso bereziz irakurri nuen. Foessa fundazioaren bere VIII. txostenaz ari zen. Aurrekoan elkartasunaz aritu ginen. Horrela nioen: elkartasunak lan pertsonala eskatzen du erantzun soziala bilakatu baino lehen, eta bide horretan ibilbide pedagogikoa ezinbestekoa zaigu. Eta Caritas Gipuzkoa-k Nussbaumek berak proposatzen digun gida eraginkorra jarraitzen saiatzearen alde egiten du. Begirada heztea da elkartasuna eraikitzeko ezinbestekoa: gure duintasun berarekin ikusten ez ditugun, giza eskubideak murriztuta dituzten eta gizarteak baztertzen dituen pertsona horiek begiratzeko justizia eta itxaropen betaurrekoak jartzea. Bihotza heztea da elkartasunaren bigarren giltzarria. Honetarako bestea benetan entzutea da beharrezkoa, ez bakarrik bere beharrak, baizik eta bere bizitza bultzatzen duten ametsak ere bai. Beste pertsonari gure bihotza irekitzea, errukitzea, berarekin sufritzea. Hots, bere ondoan jartzea. Adela Cortinak dio errukiak eramaten gaituela justizia eskatzera. Azkenik, zioen Mabelek, beharrezkoa konpromisoa heztea, gure inguruko pertsona, entitate, agenteekin jarduten ikastea. Baina, batez ere, injustizia egoerak bizi dituzten pertsonekin. Ekintza horrek eraldatzailea izan behar du, sufrimendua murrizteaz gain errealitate desberdina eta hobea eraikitzen lagunduz. Samariar onaren parabola ezagunak ere ibilbide bera jorratzen du. Elkartasuna eraikitzea, familien, ikastetxeen, elkarteen, parrokien eta auzoen esku dagoen hezkuntza-prozesua da. Erronka horri erantzuten saiatu behar, horretarako, zioen Mabelek, “zuen eskura jartzen dugu material didaktikoa prestatu hori”. Ea noizbait Foessa fundazioak erabateko beste, datu eta jarrerak plazaratzen dituen. Bitartean jarrai dezagun elkartasuna eraikitzen, etsipenari bizkar emanez. Bedi.