GAUR egun telebista ikusteko ausardia behar da. Batzuetan, albistegien aurrean behintzat, kontu lazgarriak baino ez dituzu begiztatuko. Ezkortasuna, izugarrikeria, laborria eta dramak omen dira ondoen saltzen direnak, eta zalantzarik gabe, indarkeriak interesa eta morboa sortzen ditu gizartean.
Egunotan are nabariagoa da Palestinan eztanda egin duen liskarrarekin. Hango irudietan gorpuak eta gorpuak, bonbardaketak eta gorpuak, kaleak eta gorpuak... Handik hurbil, beste trajedia bat: Afganistanen lurrikara itzela gertatu da. Bertako etxe kalamastrak deseginda, eta hondar artean erdi-bizirik ateratzen dituzten erdi-gorpuak.
Komunikabideek indarkeriaren irudi eta bideo esplizituak erakustea saihestu beharko lukete. Aztertu beharko lukete nola eragiten digun erakustaldi grafiko horrek. Nire ustez kontu handiz aukeratu behar dira zabaldu beharreko imajinak, gai delikatua baita, eszena bortitzak erakusteak gizartea desentsibilizatu ahal baitu, trajedia modu batean edo bestean normalizatu ahal baita. Zer dakar irudi gogorren esposizio errepikatuak?
Batzuetan begiak itxi behar izaten ditugu ezinbestez, hain da izugarria!! Baina ez dakit, irudi horiek atera behar omen dira, horrelako albiste trajikoak etengabe eman behar dira. Adibidez, ez dakit zertara datozen albiste hiperlabur horiek: “Motorzale bat hil da igande honetan AP-8 errepidean, auto baten aurka talka eginda. Larrialdi zerbitzuak bertaratu dira, eta motor-gidaria suspertzen saiatu dira, baina, azkenean, bertan hil da”. Kitto, amaitu da albistea. Eta irudi gogor horietariko bat, hala izanez gero, odol-arrasto bat ikus dadila.
Gogoan duzue? I can’t breathe George Floyd izeneko gizonaren azken hitzak, poliziak atxilotzerakoan. Zenbat bider ikusi behar izan genuen irudi-loop hura?
Agian, albiste goibelak, ezkorrak, eta tristeak gure bizitzaren modukoak dira, baina ez areagotu eta izugarriago bilakatu, mesedez.
Portzierto, telebista gero ate gutxiago ikusten omen da. Bere kontsumoa nabarmen jaitsi da Euskal Herrian, batez ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Zerbaiten seinale izango ote da?