Zenbatetan entzuten ditugun gazteei zuzendutako kritikak. Oraingo gazteek ez dakitela zer den lan egitea, ez dutela benetako anbiziorik kamera baten aurrean euren buruari argazkiak ateratzeaz aparte, euren harremanetan indarkeria dela nagusi, edota, besteak beste, eta hau klasiko bat da, ez dutela edukaziorik: ez dutela ikasi autobusean pertsona nagusiei eserlekua uzten, ez dakitela egunon edo eskerrik asko esaten… Ba gazteei zuzendutako kritika hauek etorri zaizkit burura aste honetan albisteetan bi eszena lotsagarri eta edukaziorik gabekoak ikustean. Eta protagonistak ez ziren gaztetxoak, pertsona nagusiak baizik, eta biak politikariak.

Lehenengoa Zaragozan gertatu da. Aragoiko gorteetako presidenteak, Vox-eko Marta Fernandezek, ukatu egin dio agurra eta ez dio eskurik eman Irene Monterori, ezta Angela Rodriguez Berdintasun eta Genero Indarkeriaren kontrako Estatuko idazkariari ere. Airean utzi du Rodriguezen eskua, egoera onartezin eta tentsio handikoa sortuz.

Eta bigarrena Madrilen gertatu da. David Viondi PSOEko zinegotzia udaleko bilkuran Jose Luis Martinez Almeida Madrileko alkatearengana hurbildu da eta hiru kolpetxo eman dizkio aurpegian, jarrera desafiatzaile eta harroputz batekin. Zenbat borroka hasi diren kalean halako keinuekin hasita.

Hau ikusita, berehala etorri zaizkit gazteei zuzentzen dizkiogu kritika horiek guztiak. Eta pentsatu dut hiritarren ordezkari direnen aldetik halako eredu lotsagarriak ikusita, guztiz bidegabea iruditzen zaidala errua beti gazteei leporatzea.

Gazteek gizarte honetan ikasten dute pertsona izaten. Gizarte honetan dituzten ereduei begira hazten dira. Nahikoa da kritikak beti haiengana zuzentzeaz. Lehenengo nagusiek Izan beharko dugu kontuan ze eredu eskaintzen dizkiegun. Guk egiten dugunak eragin handia du haiengan. Beraz, hasi gaitezen geure burua eta geure ekintza eta jarrerak aztertzen lehenengo, gazteei buruz ezer esan aurretik. l